Saharar herriaren aldeko elkarretaratzea egingo dute Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 27a, 16:04

Otsailaren 27an 44 urte betetzen dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zela. 19:00etan Tolosako Plaza Zaharrean elkarretaratzea egingo da.

Beste hainbat herritan ere egingo dira ekimenak. Esate baterako, Adunako eskolan, 14:30ean Palabras de Caramelo dokumentala eskainiko dute eta herritar guztiek parte hartu ahal izango dute emanaldian. Gainera, Adunako liburutegian, Oporrak Bakean, bidaia bat baino gehiago erakusketa izango da ikusgai gaur.

Ondoren, 19:00etan egingo dute elkarretaratzea Tolosako Plaza Zaharrean, udaletxe aurrean, SEADren aldarrikapeneko urteurrena gogoratuz. Tolosaldea Sahararekin, Sahara Bizi elkarteak deitu du mobilizazioa eta hona hemen egoeraz egiten duen irakurketa:

1976ko otsailaren 27an, duela 44 urte alegia, aldarrikatu zen Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD). Hala ere, Mendebaldeko Saharako arazo politikoa ez zen egun horretan hasi, ez eta amaitu ere.

Mendebaldeko Sahara hamarnaka urtez Espainiaren kolonia izan zen. Garai haietan munduan ematen ari ziren deskolonizazio prozesuek eragina izan zuten Mendebaldeko Saharan ere. 1965an iada Nazio Batuen Erakundeak "saharar herriaren autodeterminazio eskubidea" onartu zuen.  Bitartean Mendebaldeko Saharan independentziaren aldeko mugimendua indartzen ari zela, 1973an Fronte Polisarioa sortu zuten, independentziaren aldeko erakunde politiko-militarra. 

Kanpoko presioek eta Fronte Polisarioaren borrokek Espainiaren posizioa mugitzera eman zuten. Hala ere, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea errespetatu eta lurraldea sahararren eskuetan utzi ordez, 1976an Espainiak bere kolonia arduragabeki utzi zuen Maroko eta Mauritaniari lurraldea okupatzeko aukera emanaz. Eta halaxe gertatu zen, 350.000 zibil eta 40.000 soldadu marokoarrek "Martxa Berdea"  bezala ezaguna den martxaren ondorioz.

 Egoera horretan Mendebaldeko Saharan gertatu ziren borroken ondorioz milaka sahararrek alde egin behar izan zuten Aljerian kokatuta dauden errefuxiatu kanpamenduetara. Beste asko beren lurraldean geratu ziren, Maroko eta Mauritaniaren menpean, zapalduta. Testuinguru horretan aldarrikatu zuten Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa.

Fronte Polisarioak nazio askapenaren alde eginiko borrokaren ondorioz  1979an Mauritaniak alde egin zuen Saharatik, lurraldea Marokoren esku utziz. Zoritxarrez geroztik gauza gutxi aldatu da Mendebaldeko Saharan. Nazio Batuen Erakundea behin eta berriro lurraldearen autodeterminazio eskubidearen alde azaldu arren, ez da pausu sendorik eman bide horretan. Horren ondorioz, oraindik Aljeriako basamortuko errefuxiatu kanpamenduetan bizirauten dute milaka sahararrek eta Marokoren menpeko lurraldetan dauden sahararren egoera ez da askoz hobea;  baztertuak, zapalduak, jipoituak, espetxeratuak eta torturatuak izaten dira beraien eskubideen alde borrokatzeagatik. 

Gure elkartetik, hain beharrezkoa duten laguntza humanitarioa lortzeko ere lana egiten dugun arren, benetako konponbide politikoa izango da ezinbestean; Marokok Mendebaldeko Saharatik alde egin, Sahararrak beraien lurraldera bueltatu eta autodeterminazio eskubidearen aitortzatik etorriko da. 

Hori lortzeko gure presioa eta elkartasuna ere beharrezkoak izango dira, horregatik deia egiten dizuegu, otsailaren 27an 19:00etan Tolosako Plaza Zaharrean burutuko dugun elkarretaratzean parte hartzera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!