Sudupe, Labaka eta Telletxea, txapeldun Soroaren oroimenezkoan

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 23a, 22:45

VIII. Ogi Berri Torneoaren finalak jokatu dira gaur arratsaldean Tolosako Beotibar pilotalekuan. Migel Soroaren oroimenezko txapelketa eskualdeko hiru pilotarik irabazi dute.

Zaldunitan jokatu dira Soroaren oroimenezkoaren hiru finalak. Partida estuak, borrokatuak eta lehiatuak izan dira. Beotibar jendez bete da eta ez dira damutu, ikuskizun handia eskaini baitute pilotariek.

Jubeniletan eskualdeko ordezkari bat zegoen finalean, Sudupe. Hormaetxe aurrelari bizkaitarrarekin osatu du bikotea tolosarrak, eta 22-17 irabazi dute. Sudupe atzean bikain ibili da, pilota gutxi galduz. Ez da erraza izan, Lizeaga anaiek izugarrizko joa erakutsi dutelako. Aurkariaren bizkarra ikusiz jokatu arren, final handia egin du tolosarrak. Gakoa, ordea, Hormaetxe izan da. Berak irabazi du gainera pilotari onenaren saria.

Etorkizunekoen finala ere oso lehiatua izan da. Horren adibide, pilotari onenaren saria galtzaile batek eraman izana. Txapela Unai Alberdi eta Apezetxeak irabazi dute, 22-20ko markagailuarekin. Senar ataundarrak eta Morgaetxebarria bizkaitarrak ez dute etsi partida osoan. Azken hau izan da antolatzaileentzat finaleko pilotaririk onena. Erabakigarriena, ordea, Alberdi azpeitiarra izan da.

Elite mailako finalean eskualdeko bi ordezkari zeuden, bikotea osatuz gainera: Eneko Labaka eta Xabi Telletxea. Albizturko pilotariek aurkari benetan gogorrak zituzten aurrean, profesionaletan debuta egingo dute Zubizarreta eta Uriondo. Pike moduko bat nabaritu da, batez ere, aurreko koadroetan. Labakak Zubizarretari erakutsi nahi izan dio berak ere maila izan baduela jauzia emateko. Tanto ederrak eta hutsak tartekatu dituzte bi aurrelariek partidako lehen zatian. Amaieran Eneko Labaka finago ibili da eta Zubizarretari meritua kendu gabe, txapelketako pilotari onena izendatu dute Albizturko aurrelaria. 22-16 nagusitu dira azkenean Labaka eta Telletxea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!