Zahar egoitzetako emakumeen soldata arrakala %30ekoa da

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 22a, 12:05

Gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko Europako egunean agerraldia egin dute ELAko Gipuzkoako zahar egoitzetako grebalariek, Tolosako Trianguloan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatutako sektore maskulinizatuekin alderatuz, zahar egoitzetako emakumeek jasaten duten arrakala %30ekoa dela jakinarazi dute gaur zahar egoitzetako langileek. "Urtean 6.000 euro gutxiago emakumeak izateagatik eta zaintza lanak egiteagatik. Honek esan nahi du urtean hiru hilabete eta erdi baino gehiago dohainik egiten dugula lan". Salatu dutenez arrakala ez da bakarrik soldatetan islatzen,  emakumeek pairatzen baitituzte behin-behinekotasun tasa handienak, eta baita, jardunaldi prekarioenak (jardunaldi partzialak, jardunaldi zatituak, ordukako lanak...).

ELAko Gipuzkoako zahar egoitzetako grebalariek Tolosan egin duten agerraldian azaldu dutenez, egungo sistemak eta lan merkatuak emakumeak "bigarren mailako langile gisa" erabiltzen ditu. "Egiten ditugun lanak gutxietsi egiten ditu, bizitza sostengatzeko ezinbestekoak izan arren". Horregatik daude sektore feminizatu eta prekarizatuak greban. Grebalarien ustetan posible da soldata arrakalarekin amaitzea eta adibidetzat hartu dituzte Gipuzkoako epaitegi eta komisarietako garbitzaileak, 280 greba egun egin ondoren soldata arrakala %70 murriztea lortu dutenak; edota, Elorrioko Udalak azpikontratatutako langileak, bost hilabeteko greba egin ondoren kolektiboaren soldata %20 baino gehiago igotzea lortu zutenak.

Gatazka honi Gipuzkoako Foru Aldundiak amaiera eman behar diola irizten diote langileek eta aipatu dute ez dutela onartuko Markel Olanok "arrakala ezabatuz", sistema jasangarria ez dela esatea. Emakundek egunotan aipatu du soldata arrakalak emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna "betikotzen" duela. Grebalarien ustez Gipuzkoako Foru Aldundiak berdintasunaren alde egiteko aukera paregabea dauka. "Eta bide batez, 222 eguneko grebari konponbidea emateko ere". Bien bitartean, Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek borrokan jarraituko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!