Eukene Larrartek eta Oriakok emaitza ezin hobeak

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 18a, 17:03

Espainiako Madison txapelketa eta kopako azken jardunaldia jokatu da asteburuan, Galapagarren. Gipuzkoa Ogi Berriko bikotea txapeldun geratu da Madison proban. 

Eukene Larrarterentzat asteburu borobila izan da. Gipuzkoa Ogi Berriko Tania Calvorekin bikotea osatuz, Espainiako Madison txapelketa irabazi du. Horrez gain, Kopako azken jardunaldian, tolosarrak lau probetatik laurak irabazi ditu. Sailkapen nagusian, hirugarren geratu da Larrarte. Aipatu behar da, kopa bi probak osatzen dutela eta Larrartek bigarrengoan bakarrik hartu duela parte.
 
Naia Amondarainek, bere aldetik, kopa seigarren postuan amaitu du. Ibartarrak ere proba bakarrean hartu du parte, Galapagarrekoan. Bi bigarren postu lortu zituen Amondarainek, laugarren eta seigarren batekin. 
 
ERREPIDEARI EKIN AURRETIK EMAITZA EZIN HOBEAK ORIAKON

Oriako-Limousin taldeko bost txirrindulari izan dira pasa den asteburuan Madrilgo komunitateko Galapagarren. Taldetik zabaldutako kronikan euren lana txalotu nahi izan dute: 
 
"Kopako OMNIUN  probetan lan txukuna bete dute. Arkaitz Garmendia juniorrak aurreko asteetan Portugal aldean lortu dituen emaitza bikainak ezin izan ditu oraingoan lortu, baina betiko moduan, gogotsu aritu da puntuaketan zortzigarren sailkatuz. Junior nesketan Kattalin Iriondok seigarren postuan amaitu du omniuna, puntuaketa proban garaipena lortu ondoren. Kadeteetan; Eneko Arozenak eliminazio proba laugarren postuan amaitu du.
 
Abiadura probetan berriz Amaia Astarloak lan bikaina bete du bere lehengo bi probetan laugarren sailkatuz, keirinean berriz ezin izan du parte hartu, Madisonean erorketa izan eta gero. Urko Vidalek abiadura probetako sailkapen nagusian hirugarren postua erdietsi du, 200 metroetan laugarren, abiaduran hirugarren eta keirinean bigarren izan ondoren.
 
Yon Mikel Artolak  laugarren postua lortu du keirin proban.
 
Eneko Arozena kadetea Madison proban Espainiako azpitxapeldun geratu da, Beiñat Garaiar selekzioko txirrindulariarekin bikotea osatuz. Proba berean Yon Mikel Artola laugarren postuan sailkatu da Aimar Gorriñobeaskoa bizkaitarrarekin bikote eginez. Kadete nesketan berriz Amaia Astarloak erorketa baten ondorioz proba bertan behera utzi beharrean izan da.
 
Naia Amondarain Irene Usabiaga bikote lagun izanik bigarren sailkatu da Elite mailakoen artean. 
 
Inauterietako astean ekingo diete junior mailakoek errepideko denboraldiari Eibarren, eta otsaileko azken astean beste mailetako txirrindulariek Ibaeta eta Itsasondon. Zorterik onena guztiei".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!