Kalitatezko osasun arreta publikoaren aldeko mobilizazio kanpaina bat jarri nahi dute martxan Alegiako, Ibarrako eta Amasa-Villabonako alkateek. Datozen hilabeteetan egingo dituzte aldarrikapen eta mobilizazioak, eta kanpaina horretara batzeko eta kanpaina bera indartzeko deia egin diete eskualdeko gainerako alkateei.
Gaur goizean egin dute kanpainaren asmoa iragartzeko prentsaurrekoa, Ibarrako kultur etxean. Lehen arretako zentroak dauden herrietako alkateek hartu dute parte agerraldian: besteak beste, Arantxa Irazusta Alegiako alkateak, Igor Zapirain Ibarrakoak eta Beatriz Unzue Amasa-Villabonakoak hartu dute hitza.
Gipuzkoan, Tolosaldea da ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra, eta alkateen ustez, kalitatezko osasun arreta bermatzeko «ezinbestekoa da sare publikoaren barnean egotea». «Eskualdean ordezkatzen ditugun herritarrekiko dugun arduragatik, Tolosaldean ere osasungintza publiko, unibertsala, doakoa eta euskalduna berma dakigula aldarrikatzen dugu». Kezkaz azaldu dute urteetan Tolosaldeak ospitale publikoaren inguruan izan duen gabezia.
Bestalde, hiru alkateek «konpromiso irmoa» erakutsi dute eskualdeko diagnostiko soziosanitarioa zein azterketa soziodemografikoa bultzatzeko, baita azterketa horietarako beharrezko baliabideak eskura jartzeko ere. «Arreta hobetzeaz gain, osasunean eragiten duten aldagaiak kontuan hartuta, osasun ikuspegia udal politika guztietan txertatu eta osasunaren sustapenean zein prebentzioan sakontzen jarraituko dugu», adierazi dute.
Helburuak betetze bidean, aldarrikapen eta mobilizazioak egin nahi dituzte datozen hilabeteetan eskualdean. «Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak aurreratu direnez, egutegia dantzan jarri digu eta zehazten ari gara; laster jakinaraziko ditugu zein mobilizazio egingo ditugun eta noiz», esan dute. Kanpaina hori indartzeko, eskualdeko gainerako alkateei dei egin diete egitasmoekin bat egiteko.
URTEETAKO BORROKA
Eskualdea ospitalerik gabe geratzeko zegoen arriskuaz jabetuta, duela hiru hamarkadatik gora elkartu ziren Tolosaldeko alkate guztiak mobilizazioetan. Ondoren, 2014an, Tolosaldeko, Andoaingo eta Legorretako alkateek egindako deialdiari erantzunez, milaka lagunek aldarrikatu zuten osasun arreta duina «eskubidea» dela, eta kudeaketa «publikoa eta kalitatezkoa» zegokiela. Gaur egun ere, Tolosaldeko alkateek zilegitasuna dutela adierazi dute gaurko agerraldian, eskualdeko osasun arretaren egoera konpon dadila eskatzeko.
Udaletik harago, gainerako erakundeek ere dagokien erantzukizunarekin jokatu beharko luketela gaineratu dute.