Gazteengana zientzia eta teknologia gerturatzeko Bizilabe aisialdi ekimena jarri dute martxan

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko ots. 11a, 16:23

Tolosaldera Bizilabe proiektua iritsi dela jakinarazi dute, gazteen artean zientzia eta teknologia bultzatzeko. Tolosaldea Garatzen garapen agentziako Iker Urruzola Aizpurua lehendakariak eta Elhuyarreko Jon Abril Olaetxea zuzendariak sinatu dute hitzarmena, eta proiektua elkarlanean aterako dute aurrera.  

Zientzia eta teknologiaren inguruan, «gazteek interesa eta jarrera positiboa duten arren, gutxieneko batek baino ez du hautatzen arlo hauetako ikasketak egitea», azpimarratu du Urruzola garapen agentziako lehendakariak,  eta nabarmendu du: «Estatu mailako unibertsitateko ikasleen %53,3a emakumezkoa den arren, ingeniaritza eta arkitektura bezalako karreretan %26,4ra jaisten da kopurua».    

«Europak zientzialari eta teknologo asko beharko dituela aurreikusten da epe laburrean, eta profesional horien faltak ondorio negatiboak ekarri ditzake garapen ekonomikoan», adierazi du Urruzolak. 

Guzti hori kontuan hartuta, Tolosaldea Garatzenek duen Plan Estrategikoaren barruan sinatu dute hitzarmena, hau da, Formazioa eta Talentua Barneratzea eta Sustatzea lan ildoan. 
Elhuyarreko zuzendari nagusia «eskertuta» agertu da Tolosaldea Garatzenekin. Elhuyarrek 50 urteko ibilbidea du euskaraz zientzia hedatzen eta zabaltzen: «Modu oso ezberdinetan egin dugu lan; dibulgazio lanak ezagutzera emanez, hizkuntza teknologien bidez, eta beti ere, euskara erdigunean jarrita. Tolosaldeak horretarako baldintza ezin hobeak ditu», esan du Abrilek. Eta «elkarlan hau abian jartzea berri pozgarria da guretzat». Elhuyarren balio nagusia elkarlana dela ekarri du gogora: «Guretzat ezinbestekoa da».

«Esango nuke eskualdea eta lurraldea kohesionatzeko proiektua dela, eta gazteei begirakoa», gaineratu du. Era berean, «familiek, hezkuntza komunitateak, enpresek, merkatariek,... zeresana izango dute proiektu honetan. Baina, batez ere, protagonista gazteak izatea nahi dugu, eta gazte horien artean nabarmenki emakumeei begira ere jarriko gara aukera berdintasuna erreala izan dadin».

Gaur gaurkoz, datuek erakusten dute, oraindik, zientziaren arloan, «arrakala izugarri handia» dela. Horren atzetik, «uste okerrak eta estereotipoak» daudela dio, eta «emakumeek beraien ibilbide profesionalerako erreferentzialtasun falta handia dute zientzia hautatzeko». «Aisialditik eta euskaraz egiteak ere beste balio bat ematen dio» argitu du Abrilek, eta «hori da proiektu honek duen beste aberastasunetako bat». Garbi du: «Ibilbide polita eta oparoa hasiko da, eta gainera Tolosaldera egokitutakoa, bertako errealitatera, eta bere herrien aniztasuna aintzat hartuko duena». 

Bizipenak sortzeko gunea

Bizilabe proiektua zer den Aitziber Lasa Iglesias, Elhuyarreko STEAM –Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikak– Hezkuntzako arduradunak azaldu du: «Euskal Herria mailan gazteentzako zientzia eta teknologian nolabaiteko ikerketa zentroen sare bat sortzea da». Ekimena dagoeneko beste eskualdeko batzuetan hasia dago, eta Tolosaldea izango da hirugarren eskualde nagusia. Bizilabe zentro bat 10 eta 19 urte bitarteko gazteentzako ikerketa-zentro bat da, aisialdi-guneetan kokatzen dena. 

Bizipenetan jarri du arreta Lasak: «Gazteengan, euren etorkizunera begirako profesioetarako erabat eragiten dute bizipenek.   Ikerketek gero eta garbiago erakusten dute zientzia eta teknologia arloetan». Horregatik, gazteentzat zientzia bizipenak sortu nahi dituzte, komunitate osoaren inplikazioarekin. Eta lehenengo eskualdeko gazteen artean diagnostiko bat egingo dute: «Ikusteko bai beraiek nola ikusten duten beraien burua, eta  etorkizunera begira nola irudikatzen duten, bai profesionalki zein pertsonalki. Eta inguruan zein lan mota egiten den ere galdetuko zaie». Honekin abiapuntua bilatuko dute denek komunean izateko. 

Bigarren puntuan saretzea jarri dute. «Eskualde polita da, askotarikoa eta ezberdina. Herri askok parte hartzen dute, eta hemen bai ala bai, gazteak eta mundu profesionala elkartzeko lankidetza bilatuko da». Zentzu horretan eredua bilatu beharko dutela dio Lasak: «Zentro fisiko bat, bi, lau... edo errotazioa. Nolabait, sinatu den hitzarmenari esker, Bizilabe eredua bilatuko da Tolosalderako». Astean zehar eta aisialdian gazteak zientzia egitera joateko leku bat bilatuko dute. Horren barruan, «ekosistema sortu nahi dugu, zientziaren inguruko festak antolatzeko eta zientziaren inguruko bizipenak komunitatean eraikitzeko». 

Eta erreferenteen ikuspegitik ere garrantzitsua izango dela aipatu dute. «Eskualdeko STEAM emakume profesionalak identifikatu beharko ditugu gure gazteekin egoteko. Ez da erronka erraza, eta honelako gaietan ez da erraza neskek beraientzako dela sentitzea. Horretan bidea egin beharko da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!