Jaka finalerdietan, Altuna eta Artola zuzenean sailkatzeko aukera gutxirekin

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko ots. 10a, 11:57

Lizartzarra, finalerdietako ligaxkarako sailkatu zen ostiralean. Altunak irabazi egin zuen larunbatean; Artolak, berriz, ez du punturik lortu asteburuan. Sailkapenean berdinduta daude amezketarra eta alegiarra, eta ostiralean, elkarren aurka jokatuko dute, Gernikan.

BINAKAKO TXAPELKETA

LIGAXKAKO SAILKAPENA
 

 

Bikoteak

Jokatutako partidak

Puntuak

Aldeko Tantoak

Aurkako Tantoak

Koefizientea

1 JAKA-ZABALETA 12 10 260 179 81
2 EZKURDIA-MARTIJA 12 8 246 216 30
3 ALTUNA III-L.GALARZA 12 7 236 224 12
4 ARTOLA-IMAZ 12 7 231 221 10
5 LASO-ALBISU 12 6 231 241 -10
6 IRRIBARRIA-REZUSTA 12 5 224 228 -4
7 OLAIZOLA II-URRUTIKOETXEA 12 4 193 247 -54
8 BENGOETXEA VI-MARIEZKURR. 12 1 198 263 -65

Jaka eta Zabaletak gainditu dute lehen ligaxka. Jada finalerdietan daude. Asteburuan Zestoan jokatu zuten Olaizola II.aren eta Aranguren gaztearen aurka. Azken honek, min hartuta dagoen Urrutikoetxea ordezkatu zuen. 22-17ko emaitzarekin lortu zuten txapelketako hamargarren puntua, eta finalerdietako ligaxkarako sailkapena. Hurrengo partida larunbatean jokatuko dute, Iruñeko Labriten. Aurkaria, Bengoetxea VI-Mariezkurrena II bikotea izango da berez, baina ikusteko dago, BAIKO Pilota enpresak, Oinatz edo Victor jartzen duen aurrelari postuan.

Iñaki Artolak eta Ander Imazek ez zuten puntu erabakigarria lortzeko aukera baliatu, sailkapeneko bigarren postuan jarri eta sailkapena beraien esku geratzeko. Aurkari gogorrak zituzten aurrean, Ezkurdia-Martija. Ez zuten partida ona jokatu gipuzkoarrek, eta nafarrak aise nagusitu ziren, erakustaldi handia eman behar izan gabe. Azkenean, 22-10 izan zen emaitza. Bigarren postuan sailkatzeko aukerekin jarraitzen dute, nahiz eta oso eskasak izan. Elkarren arteko partidetako tantoen diferentzia galdua dute Ezkurdia-Martija bikotearekin. Beraz, BAIKO Pilotakoek, bi partidak irabazi behar dituzte, eta Aspekoek, berriz, biak galdu. Alegiarrak eta oiartzuarrak, Altuna III-Ladis Galarza bikotearen aurka jokatuko dute hurrengo partida, ostiral iluntzean, Gernikan.

Hain justu, Artolak lortu ez zuen puntu garrantzitsua, Altuna III.ak lortu zuen, larunbatean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Amezketarrak, Ladis Galarzarekin bikotea osatuz, 22-18 irabazi zuen Laso-Albisu bikotearen aurka. Aspeko pilotariek partida serioa jokatu zuten, eta hasieratik lortutako abantailari esker eskuratu zuten garaipena, nahiz eta aurkariek azken zatian irabazteko ahaleginak egin. Arestian aipatu moduan, Artolaren eta Imazen aurka jokatuko dute hurrengo partida, Gernikan. Partida garrantzitsua izan daiteke bi bikoteentzat. Amezketarrak eta baraibartarrak ere, aukera gutxi dituzte bigarren postuan amaitzeko. Artolak eta Imazek bezala, bi partidak irabazi behar dituzte, eta ondoren, Ezkurdiaren eta Martijaren porroten zain geratu.

Ondorioz, Altunak eta Artolak, aukera oso gutxi dituzte, finalerdietako ligaxkan sartzeko. Hala ere, final-laurdenetarako sailkatuta daude. Orain, zein postutan amaituko duten jakin behar da. Hirugarren postua, ordea, ez da oso erakargarria, inorentzat. Izan ere, seigarren posturako lehian dauden bi bikoteak, aurrez txapelketa honetan txapeldun izandakoak dira, eta beti dira arriskutsuak.

Hain justu, igandean, partida erabakigarria jokatuko dute bi bikote horiek, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Irribarriak eta Rezustak, Olaizola II-Urrutikoetxea bikotearen aurka jokatuko dute. Aspekoek, puntu bateko abantaila dute sailkapenean, baina lehen itzuliko partidan, Goizuetako eta Zaratamoko pilotariak osatutako bikotea izan zen garaile. Hortaz, gipuzkoarrek irabaziz gero, BAIKO Pilotako bikotea, txapelketatik kanpo geratuko da, matematikoki. Azken hauek irabaziz gero, beraien esku gera daiteke sailkapena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!