Turismoa eta natura, eskutik

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko ots. 7a, 07:59

Aktibatu! jardunaldiek zortzigarrenez hartuko dute Tolosako Topic, Bizibiziki elkartearen eskutik

Bestelako turismo eredu bat sustatu nahian ekin zioten, Bizibiziki elkarteko kideek, Aktibatu! jardunaldiak prestatu eta antolatzeari. Tolosan izan dira zazpi urtean, eta egitasmoa urtetan zabaldu den heinean, mugetan ere zabaldu da. Gaur egun, Aktibatu! nazioarteko natura eta turismo adituen elkargune izaten da, urtero. Datorren otsailaren 13an izango da aurtengoa, eta Zerkausi gaineko terrazan egin dute aurkezpen agerraldia.

«Lehen, Gipuzkoara oso itxia zen Aktibatu!», Ekaitz Zubelzu Bizibizikiko arduradunaren arabera. Orain, ordea, nazioartera begirako ekitaldia da eta, aldi berean, nazioartea jartzen du Tolosaldera begira. Horixe azpimarratu nahi izan du, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo saileko zuzendari nagusiak: «Jardunaldia bera ekintza turistikoa da, opor denboralditik kanpo, eta Donostiatik kanpo; balio erantsi bat da».

Etorkizun hurbil batean, turistek komunitate lokaletan herritar bat gehiago sentitzea bilatuko dutela azaldu du Goyo Zurro Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, eta Aktibatu! bezalakoak elementu ezinbestekotzat jo ditu, epe ertaineko eszenatoki horretan.

Olatz Peon alkateak, bere aldetik, Tolosako eta Tolosaldeko turismo jasangarriaren aldeko estrategiari jarri dio fokua, jardunaldien ildo beretik doazela azalduz. «Zazpi urteko ibilbidea egin dute jada, eta oso lagungarria da horrelakoak Tolosan antolatzea, nazioarteko beste lekuetatik ikasten dugulako, gero gure aldetik landu dezakeguna. Gainera, elkarlan publiko-pribatu bat da, eta hori ere aberasgarria da».

Aktibatu! jardunaldien inguruko informazioa eta izen-emateak www.aktibatu.eus atarian dira eskuragarri.


AKTIBATU! 2020, EGITARAUA
Otsailaren 13a, osteguna

08:30. Gosaria, parte hartzaileen topagunea eta erregistroa. 09:15. Ongietorria. 09:45. Patagoniako parkeen ibilbidea. Marcela Quirozen eskutik (Fundacion Topkins Conservation). 10:30. Abentura turismoa eta iraunkortasuna. Ekaitz Zubelzu eta Sergio Gaspar (Bizibiziki). 11:15. Estonia: hezeguneak eta turismo iraunkorra. Aivar Rukkel (Sooma). 12:00. Turismo birsortzailea, iraunkortasunetik haratago. Martin Araneda (Camina sostenible, Txile). 12:30. Aisialdi guneen kontzeptua eta bilakaera, natura turismoaren testuinguruan. Iker Goikoetxea (Kimubat, Euskal Herria). 13:00. Bazkaria. Bertako produktuen dastatzea, Lur Lan Baserritarren Elkartearen eskutik. 14:00. Eztabaida guneak: Garraioa eta turismoa, erronkak eta aukerak; Azpiegitura turistikoak eta bisitarien fluxuen kudeaketa natur inguruneetan; Turismo iraunkorretik turismo birsortzailera. 15:30. Mendiko aterpeak, turismoaren dinamizatzaile. Sergio Rivas (Aragoiko Mendi Federazioa, Espainia). 16:15. Natura eta industria kulturaren begien bidez. Mikel Txillida (Txillida Leku, Euskal Herria). 16:45. Itxiera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!