Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean eskualdeko ekintzaileei bultzada bat eman nahi die. Horretarako, Lanbidek pertsona ekintzaileei laguntzeko diru laguntza deialdiaren barruan 2019ko ekainaren 18ko erresoluzioa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua 2019ko ekainaren 28an 21.775 euro jarriko ditu eskualdeko ekintzaileen esku beraien proiektuak bultza ditzaten.
Hamar diru laguntza enpresa ideia berri bat garatzeko asmotan dabiltzan ekintzaileentzat dira eta beste lau enpresa ekimen berri bat martxan jarri nahi dutenentzat, eta bideragarritasun azterketa egina dutenentzat.
Enpresa ideia bat garatu nahi dutenentzako laguntzak bi hartzaile ezberdin izango dituzte, sei laguntza 30 urtez azpiko ekintzaileentzat, eta beste lau, 30 urtetik gorakoentzat. Beka edota diru laguntza guztiak eskualdeko ekintzaileei zuzenduta dauden arren, baldintza batzuk bete beharko dituzte: langabeak izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea; Tolosaldea Garatzenen aholkularitza jasotzea; helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea; ekonomia jardueren gaineko zergan eta langile autonomoen araubide berezian iaztik alta eman ez izana eta esklusiboki bideragarritasun azterketa egitera dedikatzea bi hilabeteko epealdian.
Aipatu bezala, beste sei diru laguntza horiek enpresa jarduera bat martxan jartzea buruan duten ekintzaileentzat dira. Kasu honetan, negozio ideia buruan izatetik harago, pauso bat eman dutenei dago zuzenduta. Izan ere, ezinbestekoa izango da bideragarritasun plana egina izatea. Era berean, behin beka aldia amaituta, gehienez hiru hilabeteko epean, autonomoetan alta ematea eskatuko zaie bekaren onuradunei.
Eskaerak egiteko epea 2020ko otsailaren 14an amaituko da. Horretarako, interesa dutenek Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza sailarekin jarri behar dute harremanetan, Lehiberri zentrora bertaratuta, 943 654501 telefono zenbakira deituta edota zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatzita.