Puntu erdi jaitsi da urtebetean Tolosaldeko langabezia tasa

Tolosaldeko Ataria 2020ko ots. 6a, 19:59

Guztira 1.935 herritar daude langabezian, %8,4ko tasa osatuz, eta Aduna da tasa baxuena duen herria; Gipuzkoan, Tolosaldeak beste bost eskualde ditu aurretik tasa altuagoarekin.

Urteak pasa ahala beheranzko joeran jarraitzen du langabezia tasak Tolosaldean. Azken urteei begira, 2017tik hona 1,42 puntu jaitsi da tasa. Urte amaierako datuei erreparatuta, gaur egun, 1.935 langabe daude eskualdea osatzen duten 28 herrietan. Alegia da, momentuz, tasarik handiena duen herria eta Adunak du txikiena. Datu horiek eman ditu urtea amaieran Espainiako Enpleguaren Zerbitzu Publikoak.

Duela bi urte puntu bateko jaitsiera izan zuen langabezia tasak Tolosaldean; aurten, puntu erdikoa izan du. 2018. urtea 2.179 langabeturekin amaitu zen eta 1.935 langabeturekin itxi da 2019.a. Beraz, 8,93ko tasa izatetik, 8,40koa izatera iritsi da.

Aipatzekoa da, ordea, 2019ko ekainean erregistratu zela langabezia tasarik baxuena eskualdean: 1.856 langabeturekin 8,06 puntutara jaitsi zen tasa.

Tolosaldeko 28 herriak kontuan hartuta iaztik tasa jaitsi bada ere, ez du esan nahi herri guztiek joera hori izan dutenik. Hamabi herritan igo egin da langabetuen kopurua: Abaltzisketa, Aduna, Albiztur, Altzo, Baliarrain, Berastegi, Bidania-Goiatz, Gaztelu, Orendain, Orexa, Villabona eta Zizurkil. Herri horietako tasei begira, Orendain da langabezia tasa gehien hazi zaion herria: 4 puntuko igoera izan du, eta langabetu bat izatetik bost langabetu izatera iritsi dira; jarraian dator Albiztur, eta honek ere bost langabetu gehiago ditu iaztik, baina biztanle aktiboak kontuan hartuta, 3,34ko igoera izan du tasan.

Iazko egoera berean mantendu diren herriak Alegia, Anoeta eta Larraul izan dira. Egun, 93 langabetu ditu Alegiak, 95 Anoetak eta 10 Larraulek. Gainerako herriek beheranzko joera erakutsi dute, nola langabetu kopuruetan, hala tasetan.

Langabezia tasarik baxuenen artean dira Aduna (%2,44; 6 langabetu), Orexa (%3,57; 2 langabetu), Gaztelu (%3,57; 3 langabetu), Belauntza (%3,68; 5 langabetu) eta Abaltzisketa (%3,97; 6 langabetu).

GIPUZKOAKO SEIGARRENA

Gipuzkoako hamaika eskualdetatik seigarren langabezia tasa baxuena du Tolosaldeak. Aurretik ditu Urola Kosta, Goierri, Debagoiena, Donostia eta Donostialdea. 2018. urte amaierako datuekin alderatuta, bi eskualderi hartu die aurre, iaz zortzigarren postuan baitzegoen Tolosaldea. Bere atzetik ditu, ordenean, Urola Erdia, Urola Garaia, Oarsoaldea, Debabarrena eta Bidasoaldea.

Gipuzkoako datu orokorrei erreferentzia eginez, 2019. urtea 8,69 punturekin itxi dute; 30.323 gipuzkoarrek amaitu dute urtea langabezian. Iaztik, 0,39 puntuko jaitsiera izan du, hau da, 1.355 langabetu gutxiagorekin hasi du urtea Gipuzkoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!