Laster Sahararako bidean

Ataria 2020ko ots. 5a, 09:30

Elikagaiak eta materiala jasotzeko kanpaina burutu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak urtarrilean; herritarrek emandakoa bildu ostean, saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bidaliko dute.

Urte hasierarekin batera, eta beste urte batez, elikagai eta material bilketa burutu du Tolosaldea Sahararekin elkarteak eskualdean. Hilabete guztian zehar, askotariko elikagaiak bildu dituzte, eta baita eskola materiala ere. Une honetan, elkarteko kideak bilketa guneetatik ari dira igarotzen, herritarrek utzitako guztia jaso, eta Tolosan duten lokalera eramateko. Bertan guztia ondo sailkatuta jarriko dute, kamioietan kargatu eta Aljerian kokatutako saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bidali ahal izateko.

Iazko elkartasun kanpainan 5.000 kilo inguru bildu zituzten, eta euren erronka kopuru hori gainditzea da. Jaso eta sailkatzen ari diren une honetan, Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek esker hitzak izan dituzte kanpainan parte hartu duten herritar guztientzat, bai eta era batera edo bestera lagundu duten erakundeentzat ere, hala nola, ikastetxeak edota bilketa bereziak egin dituzten supermerkatuak ere. «Oso gustura geratu gara jaso dugun erantzunarekin», esan dute.

BALDINTZA GOGORRETAN

Sahararren alde lanean ari den elkarteak gogoratu du errefuxiatuen kanpalekuetan «oso baldintza gogorretan» bizi direla, eta kanpotik iristen zaizkien laguntzak «ezinbesteko» dituztela bizirauteko. Horregatik diote «berebiziko garrantzia» duela urte hasieran egiten duten elkartasun kanpainak. Ez da, baina, antolatzen duten ekimen bakarra. Lurralde askatuetako Midyick herrian eraikitako eskola mantentzeaz arduratzen dira, eta udan haurrak harreran hartzeko Oporrak Bakean programan ere parte hartzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!