EH Bilduk eskualde mailako erakunde publiko bat eskatu du

Ataria 2020ko ots. 4a, 13:08

Eskualdeko EH Bilduren 100 hautetsietako batzuk gerturatu dira gaur, prentsaurrekora.

Tolosaldeko EH Bilduk legealdirako erronken berri eman du eta eskualde "bizi,  bateratu eta orekatu bat" lortzeko eskualde mailako erakunde publiko bat behar dela esan du.

Tolosaldeko EH Bilduk 2019-2023 legealdirako lantzen ari diren erronken eta horiei erantzuteko eskuartean dituzten proposamenen berri eman du gaur. Esan dutenez Tolosaldea osatzen duten 28 herriek hainbat ezaugarri dituzte eta lanean jarraitzeko zein "erronka berriei" aurre egiteko eskualde mailako erakunde publiko baten beharra azpimarratu dute. "EH Bilduk beti egin du lan Tolosaldea bizi, bateratu eta orekatu baten alde, eta bide hori jarraitu ahal izateko egiten dugu proposamen hau", esan du Lore Agirrek. "Ez baitugu nahi abiadura desberdinak dituzten herriek osatutako eskualdea. Gure ustez elkarrekin etorkizuneko eskualdea diseinatu ahal dugu, hori delako bidea, eta epe motz, ertain eta luzerako erronka horiei elkarrekin erantzun behar diegulako", gaineratu du.

EH Bilduk aldarrikatzen duen eskualde mailako erakunde publiko horrek herri guztiak barnebilduko lituzke eta horien koordinazioa bermatuko duen elkargunea osatuko luke. "Horri begira eskualde mailako antolaketa edo egituratze baten beharra ikusten dugu, eta guk badugu borondate politikoa", esan du Agirrek.

Legealdiko erronkak

Legealdiko erronkei dagokienez, Amaia Azkuek azaldu du sei ildo nagusi izango dituztela legealdi honetan; osasungintza, gizarte arloa, garapen ekonomikoa, euskara, jasangarritasuna eta bizikidetza.

Osasungintzari lotuta eskualdeak osasun arreta integralik ez duela esan du Azkuek, eta horren ardura Eusko Jaurlaritzak duen arren, erabakiak ezin direla alde bakarrez hartu. "Eskualdeko herritarrak erabaki honen parte izan behar dute eta behetik gorako prozesu bat eskatzen dugu". Eskualdeko beharrak aztertu eta konponbide egokiena bilatu behar dela esan du "izan Asuncion klinika publiko egitea edo izan ospitale publiko berri bat eraikitzea".

Gizarte zerbitzuei lotuta egungo antolaketak ez duela balio esan du, ez delako herri guztietara iristeko modurik egokiena. "Gizarte behar guztiei ez die zerbitzu ematen.  Tolosako Udalarekin hitzarmenak sinatzeak ez ditu behar guztiak asetzen. Eskualdeko beharrak kontuan hartuko dituen egitura behar da". Gizarte zerbitzuez hitz egiterakoan etxez etxeko zerbitzuez gain, baliabide materialak konpartitzeaz, tratu txarrak jasotzen dituzten herritarrek zerbitzu egokia jasotzeaz, eguneko zentroetako zerbitzuak emateaz edo egoitzetako zerbitzuak egokiago kudeatzeaz ere ari direla esan du. Era berean, zahar etxeetako langileen gatazkak ere aipatu ditu: "EH Bilduk dagokion erakundeetan pausoak ematen ari da gatazka hau konpondu ahal izateko, eta langileei gure babesa ere azaldu diegu eta horrela jarraituko dugu. Gure herri programa guztietan egin dugu lan duinaren aldeko defentsa". Tolosaldeko Emakumeen Etxea ere aipatu du alderdiak, gogoratuz euren ekimenez ari direla lantzen orain, eta baita pentsiodunen borrokaldia ere, alde egiten jarraituko dutela esanaz.

Garapen ekonomikoari lotuta landa zein tokiko garapenaren erronkari eutsiko diote eta eskualde mailako diagnosi bat egin beharraz hitz egin dute. Horiek horrela, elikadura burujabetzara bidean pausoak eman behar direla uste du Bilduk eta baita industria moderno eta iraunkorra behar dela ere. Lehen puntuari lotuta herri txikietako ostatuen iraunkortasuna bermatzea eta eskola jangelen lanketa egin behar dela esan du Berastegiko alkateak. Industriari lotuta Bilduk Apattako bigarren fasea ahalbidetzearen alde egingo du eta Tolosaldea Garatzen indartuko du.

Euskara "gure hizkuntza eta gure identitatearen ezaugarria eta kulturaren ardatz nagusia" izaten jarraitu behar duela uste du koalizioak, eta Euskararen Mahaia estrategikoa dela nabarmendu. "Hori gorpuztera begira alderdi politikoon zein eragile sozialen arteko akordio zabalak eta konpromiso zehatzak beharko dira".

Jasangarritasuna da EH Bilduk duen beste ildoetako bat, eta horri lotuta klima aldaketaren aurrean pausoak eman behar direla esan du, "eta herritar bezala badagozkigu zenbait pauso ematea". Egoeraren azterketa bat egin behar dela esan du, eta energia burujabetza lortzeko lan egin behar dela. Horretarako Tolargi eta Zazpiturri norabide horretan kudeatu behar direla uste dute eta energia berriztagarrien aldeko neurriak jarri behar direla abian, eta biomasa eta eguzki plakak erabili. Garraio publikoaren plan integrala egin behar dela ere esan du Azkuek, herri txikiak hiriburuarekin lotuko dituen zein eskualde barruko komunikazio egokia bermatuko duen plana garatuz. Hondakinen kudeaketari buruz esan du birziklatze tasen igoera sustatzeko egingo dutela lan eta horretarako birziklatzen dutenen aldeko fiskalitatea landuko dutela, "kutsatzen duenak eta arduraz jokatzen ez duenak ordaindu egin behar duela ulertzen dugulako".

Bizikidetzari dagokionez, errepresaliatu politikoak, memoria historikoa eta biktimen gaiak lantzea behar-beharrezkoa dela esan du, eta baita salbuespeneko legediarekin amaitzea ere. "Gure ustez edozein garaietan edo lekutan, arrazoi politikorengatik giza eskubideen urraketak jasan izana salatu duten guztiak aintzat hartzea beharrezkoa da".

Sei ildoak aipatuta eskualdeak erronka propioak dituela esan du Lore Agirrek eta modu bateratuan erantzun behar zaiela. "EH Bilduk baditu eskualdeko erronka horiei erantzuteko proposamenak", gaineratu du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!