U30 Greba Orokorra

"Prekarizazio prozesu batean gaude eta bizitza erdian jarri behar dugu"

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 31a, 19:57

Pikete informatiboetan, kotxe-karabanan eta lurralde mailako eta eskualde mailako manifestazioetan hartu zuen parte tolosarrak; prekaritatea ezabatzea da bere nahia.

Metalgintzan egiten du lan Dani Lopezek (Tolosa, 1974). Sektorean bertan aldeak ikusten ditu enpresa txiki eta handien artean, eta guztientzat lan baldintza, pentsio eta, orokorrean, bizitza duina nahi du.

Nola ikusten duzu gaur egungo egoera?

Prekarizazio prozesu baten aurrean gaude. Prozesu horretan, beharrezkoa da bizitza erdigunean jartzea, bizitza bera duina izan dezagun. Izan ere, gaur egun, geroz eta nabarmenagoa da kapitalaren eta bizitzaren arteko borroka.

Horren aurrean, greba egitea erabaki zenuen.

Bai, mobilizazioetan parte hartzea erabaki nuen, sistema publikoa babesten dudalako, eta baita eskubide sozialak babestu nahi ditudalako ere. Azken batean, pentsio duinak, lan duin bat eta bizitza duin bat izan nahi nituzke.

Zein da zuk lan egiten duzun sektorearen egoera?

Metalgintzako langilea naiz, eta nabarmendu nahiko nuke Gipuzkoako industria metalurgikoaren hitzarmen kolektiboa 2011koa dela, ez dela berritu ordutik. Langileentzat eragozpen bat da hori, eta bereziki enpresa txikienei eragiten die.

Sektore berean, beraz, enpresa txiki eta handien artean badira desberdintasunak.

Enpresa txikienei, lurralde mailako hitzarmenik eta enpresa hitzarmenik ez dutenez, geroz eta gehiago eragiten die estatu mailako hitzarmenak. Eta noski, estatu mailako hitzarmena ezartzeak, langileen prekarizaio maila geroz eta altuagoa izatea dakar.

Gurea bezalako enpresa handi batean, Beasaingo Indarren, zortea daukagu enpresa hitzarmena daukagulako. Hala ere, enpresariekin negoziatzea lehen baino askoz ere nekezagoa da gaur egun.

Garrantzitsua iruditzen zaizu grebarekin bat egitea?

Garrantzitsua ez, beharrezkoa. Jendeak kalera atera behar du, prekaritatearen aurka egin behar dugu. Garrantzitsua da gobernuari eta enpresariei abisu bat ematea.

Zein izan da zure parte hartzea greban?

Goizean goiz Tolosan elkartu ginen pikete informatiboetan eta karabanan parte hartzeko. Komertzioen atarietatik buelta bat egin genuen eta ondoren, Donostiako manifestaziora joan ginen. Arratsaldean, Tolosan egin zen manifestazioarekin bat egin nuen.

Nola ikusten duzu greba osteko etorkizuna?

Greba egunak oihartzun handia izan dezala nahi nuke. Horrez gain, lortu nahi duguna mahai baten bueltan negoziatu ahal izatea ere gustatuko litzaidake. Horrela, eskatzen dugun gutxieneko hori adierazi ahalko genuke, besteak beste, pentsioetarako 1.080 euroak exijituz. Bizitza duin bat aurrera eraman ahal izateko gutxieneko eskakizunak egin ditugu. Eta lehen pauso bezala, hori aldarrikatzera kalera ateratzea, presioa sartzeko modu bat izan daiteke, bai enpresariei, bai gobernuari eta baita patronalari ere.

Presioa sartzea da, beraz, asmoetako bat.

Ikusaraztea ere bada asmoa. Askotan, oasi moduko batean bizi garela pentsarazi nahi digute, errealitatetik erabat isolatuta gaudela. Baina guk badakigu zer gertatzen den errealitatean, eta horren arabera borrokatu nahi dugu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!