U30 Greba Orokorra

"Gure bizkar aberasten den sistema honi planto egiteko balio izan du"

Ataria 2020ko urt. 31a, 12:01

Sektore feminizatu batean egiten du lan, Villabonako Santiago egoitzan, baldintza prekarioan; horregatik atera da kalera, aurretik daramaten borrokari jarraipena emanez.

Donostiako eguerdiko mobilizaziora autobusez abiatu aurretik greba deialdiaren inguruko irakurketa egin du Laura Carreterok (Donostia, 1972). Villabonako Santiago egoitzan borrokan dauden bere lankideekin batera egin du manifestazioan bidea.

Zergatik erabaki duzu greba orokorrarekin bat egitea?

Pentsatzen dut gauza asko daudela jokoan eta beharrezkoa dela pentsio, lan eta bizitza duinerako daukagun eskubidea aldarrikatzeko kalera ateratzea. Azken urteetako erreforma eta murrizketek gure bizi baldintzak kaskartu baino ez dituzte egin eta bada garaia nahikoa dela esateko.

Zaharren egoitza batean egiten duzu lan. Hilabeteak daramatzazue borrokan. Zein aldarrikapen espezifiko egiten duzue?

Erresidentzietan emakumeok jasotzen dugun soldatan existitzen den arrakala hori betiko bukatzea eskatzen dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak azpi-kontratatzen dituen beste zerbitzuekin aderatuz gero, %30 gutxiago kobratzen dugu zaharren egoitzetan lanean aritzen garen emakumeok. Alderaketa hori, kategoria profesional berdina duten beste sektoreekin egiten dugu, adibidez, errepideak garbitzen dituzten langileekin. Behar beharrezkotzat jotzen dugu gure lan baldintzak hobetzea eta erabiltzaileei eskaintzen diegun zerbitzuaren kalitatea hobetzea. Lotuta doa. Horretarako, jardunaldi partzialekin amaitu eta ratioak hobetu behar dira; era horretan, erabiltzaile bakoitzari denbora gehiago eskaini ahal izango genioke eta hobeto artatu ahal izango genituzke adinekoak.

Uste duzu zuena sektore feminizatua izateak eragina duela?

Noski baietz. Egiten ditugun zaintza lanak ez daude gizartean baloratuta eta daramagun borrokarekin duindu egin nahi ditugu mota horretako lanak.

Zeini egiten dizkiezue eskakizunak?

Gipuzkoako Foru Aldundiari, noski, eta baita patronalari ere. Gipuzkoako erresidentzien finantziazioa %90an aldunditik dator, hau nabarmentzea garrantzitsua da. Horregatik uste dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresa bat kontratatzen duen bakoitzean ziurtatu egin behar duela enpresa horren langileak baldintza duinetan daudela. Patronala ere interpelatu nahi dugu, langileon miseriaren kontura aberasten baita.

Nola irudikatzen duzu gaurtik aurrerakoa?

Greba orokor honek balio izan du Euskal Herri osoko langileon indarra eta batasuna erakusteko. Balio izan du bizitza duin bat nahi dugula lau haizetara zabaltzeko, eta batez ere, miseriazko bizitza batera kondenatzen gaituen eta gure bizkar aberasten den sistema honi planto egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!