U30 Greba Orokorra

"Pentsiodunen borroka guztiontzat heldulekua izatea nahi genuke"

Ataria 2020ko urt. 31a, 11:59

Tolosaldeko Pentsiodunen mugimenduko eta Oneka plataformako kide gisa parte hartu du grebako mobilizazioetan; datorren astelehenetik aurrera, «borrokan» segiko duela dio.

Goizean goizetik kalean izan zen atzo Nekane Berriotxoa (Urretxu, 1949) eta mobilizazio eta mobilizazio artean TOLOSALDEKO ATARIAren galderei erantzuteko tartea hartu zuen.

Pentsionista gisa nola hartu duzu parte greba orokorrean?

Nire papera izan da laguntzea eta greba babestea, egin diren ahalik eta mobilizazio gehienetan. Uste dut protagonismoa greba deialdia egin zutenek dutela, sindikatuek, alegia. Zaintza eta kontsumoarekin lotuta, parte hartu dut Oargin prestatu den gunean. Sektore ekonomikoen bitartez bakarrik ez, argi geratu da beste modu batera ere geldiarazi dezakegula mundua.

Nahi izan duten guztiek atera ahal izan dute kalera?

Ez. Arazo handia dute zaintzan dabiltzan emakumeek. Normalean ez dute grebetan parte hartzen, ezta martxoaren 8ko mobilizazioetan ere, aukerarik ez dutelako. Aurrera begira, hurrengo hitzorduetan, zaintza hori kolektiboan nola egin pentsatu beharko dugu. Langile hauek ez dute askotan gaixotzeko eskubiderik ere, eta ahalegin bat egin behar dugu guztiok egoera aldarazi, eta besteak beste, haien grebarako eskubidea ere errespetatu dadin. Gai serioa da.

Zu pentsioduna zara. Beste asko baino egoera pribilegiatuagoan zaude ?

Modu batera begiratuta bai. Irakaskuntzan egin nuen lan, eta duela 20 urte utzi nuen osasun arazoengatik. Hala ere, badut ardura beste emakumeek bizi duten egoerarekiko. Feminismoaren barrutik gure adineko emakumeon egoera ezagutzera emateko aukera daukagula iruditzen zait. Horretarako osatu genuen Oneka plataforma, ikusten genuelako pentsiodunen talde mistoetara biltzen ginenean, emakumeonak bazirela arazo espezifikoak. Gizonezko eta emakumezkoen pentsioetan dagoen arrakala handia da, kalkulatzen da emakumeena %37-40 baxuagoa dela, baina hortik eratorrita beste arazo asko sortzen dira: isolamendua, bakardadea, biolentzia, instituzioen aldetik jasotzen dugun bazterkeria, ikusezintasuna... Emakumeok bizitza luzeago izaten dugu, baina horrek ez du esan nahi bizitza hobea dugunik.

Orain arte pentsiodunen mugimenduan aktibatu dira emakumeak?

Ez dut esango erdi eta erdi garenik, baina bai, mobilizatu gara. Gu baino gazteagoak gehiago, beharbada. Gure adineko emakumeek ohitura falta dute eta kosta egiten zaie taldeetan sartzea eta mobilizatzea.

Bi urte daramazue pentsiodunek kalean mobilizatzen. Orain arte ez duzue nahikoa indar bildu gobernuak mugiarazteko?

Uste dut gaia kalera ateratzea lortu dugula eta politikoei zer pentsa eman diegula. Gure artean ondo baloratzen dugu orain arteko lana. Egia da gauza gutxi lortu ditugula, baina hemendik aurrera gehiago lortzeko aukera izango dugu, ziur. Agenda politikoan sartu da gaia eta hori nabarmen ikusten da. Nik uste dut tapatua dagoen errealitate hori azaleratzen ari garela poliki-poliki. Borroka hau, pentsiodunok daramaguna, guztiontzat helduleku bat izatea nahi genuke.

Borroka ezberdinak lotzea izan da greba honen bertute nagusia?

Bai, dudarik gabe. Lan, pentsio eta bizitza duina erabat lotuta daudela argi geratu da greba orokorrekin. Ez da sektore bakar baten arazoa, gizarte guztiarena baizik. Bakoitzak bere esparrutik lan eginez baina beharrezkoa da guztiok elkarrekin perspektiba bateratua izatea.

Zuen eskakizunei kasu egingo diete Madrilen?

Ez dakigu. Neurri batzuk hartuko dituztela iragarri dute baina ikusi egin beharko du gauzatzen duten edo ez. Dena dela, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako gobernuari dagokionez, esan nahi diegu badutela ahalmena, modu batera edo bestera, 1.080 eurotara iristen ez diren pentsioak osatzeko, eta ez diru sarrerak bermatzeko errentarekin, baizik eta beste formula batzuk erabilita.

Nola irudikatzen duzue etorkizuna greba orokorraren ondoren?

Gure ibilbidean hauteskundeak eman diren bakoitzean argi eduki dugu une klabeak izan direla klase politikoari eskakizunak egiteko. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzen badira, koiuntura hori baliatuko dugu, pentsioen gaia mahai gainean jartzeko. Guk mobilizazioekin jarraituko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!