U30 Greba Orokorra

Jendetza atera da kalera bizi baldintza duinak eskatzeko

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 30a, 19:26

Jende asko eta asko atera da Tolosako kaleetara bizi baldintza duinak eskatzeko eta aldarrikatzeko. "Lana, pentsio eta bizitza duinak denentzat" oihukatu dute manifestazioan zehar, eta baita bukatzean ere. 1.080 euroko soldata guztientzat izatea ere eskatu dute.

Tolosaldeko herritar asko eta askok erantzun diote greba orokorreko deialdiari, eta arratsaldean Tolosan egin den manifestazioa izan da horren isla; jendetsua izan da manifestazioa eta Trianguloa plaza bete dute.

Pankarta ezberdinek hartu dute manifestazio burua, eta Ibarratik eta Anoetatik, manifestazio bana eginez batu dira Tolosako manifestaziora.

Manifestazioa bukatzean, "gaur egun historikoa bizitzen ari gara, eta harro esan behar da hori", esanez hasi dira. "Mobilizatuz bizitza erdigunean kokatzen duen mugimendu bat osatu dugu. Mugimendu honek erdigunean kokatzen ditu eskubide sozialak, lan eskubideak eta pentsio publiko duinak". Hitzetatik ekintzetara pasatzea nahi dutela adierazi dute oholtza gainetik.

Era berean, "asper-asper eginda gaude, eta adarra jotzen digute" azpimarratu dute. "Mundurik hoberenean bizi garela esaten digute, baina lan munduan eta arlo sozialean prekarietatea gero eta orokorragoa da". Emakumeen pentsioa, hemen, 800 eurokoa dela argitu dute, eta bi galdera luzatu: "Horrela nola iritsiko gara hilabetearen amaierara? Nola izan dezakegu bizimodu duina?". 

Lan prekarioa betiko bideetatik hedatzen ari dela esan dute, baina baita mekanismo berrien bitartez ere: "Soldatak galtzen ari dira, erosteko ahalmena eta etxebizitzen errentek 1000 euroko sabaia gainditu dute. Non dago behin eta berriz aipatzen duten oasi hori? Galdetu gazteei, zaintza egiten duten emakumeei, mendekotasun zerbitzu publikoek eskaintzen ez duten arreta betetzen dutenei, era guztietako eraso arrazista eta xenofoboak jasaten dituzten migratzaileei, eta gaur greba egiteko aukera irudikatu ere ezin duten etxeko langileei".

Jendearen bizimodua hobetze aldera, "mobilizazio erraldoia egiteaz gainera, erasora jotzea erabaki dugu" esan dute ozen: "Euskal Herri justuago eta solidarioago bat eraikitzeko bidean".

Indar kolektiboa galarazi nahi dietela nabarmendu dute: "Horixe baita indar kolektiboa, mobilizazioa eta greba. Baina, gaur bezala, eutsi egingo diogu gure eskubideen aldeko borrokari. Gure eskubideen alde, eta datozen belaunaldien eskubideen alde".  

Eskerrak emanez amaitu dute ekitaldia, bai antolaketa lanetan aritu direnak, eta baita norbanako eta atxikimendua agertu duten guztiak eskertuz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!