Soroa Oroimenezkoa, amaierara gerturatzen

Ataria 2020ko urtarrilaren 29a

Jardunaldi berria jokatu da Tolosan. Bestalde, Irati Zabala lizartzarrak, Antzuolan jokatuko du Emakume Master Cup Txapelketako partida.

Migel Soroaren Oroimenezkoa Txapelketako hamabigarren jardunaldia ospatu zen, larunbatean, Beotibar pilotalekuan. Jubeniletan, Altunak eta Lazkozek, 16-22 galdu zuten Amiano eta Lozaren aurka. Huts askoko partida izan zen. 6-0 aurreratu ziren galtzaileak, baina zortzina berdindu ondoren, 14-21 aurreratu ziren irabazleak.

Promesetan, Senarrek eta Gartziak 19-22 galdu zuten Gutierrez eta Ibarlozaren aurka. Azken hau izan zen partidako pilotari onena, huts bakarrarekin. Bi aurrelariak ere fin aritu ziren tantoa bukatzeko orduan.

Elite mailan, berriz, Zubizarretak eta Uriondok 22-17 irabazi zieten Lerena eta Sanchezi. 500 pilotakadatik gora jo zituzten, eta Zubizarreta izan zen onena, 13 tanto eginda. Irabazleak uneoro aurretik izan ziren markagailuan. Kategoria bereko beste partidan, Egigurenek eta Murgiondok ezin izan zuten ezer egin Expositoren eta Mateoren aurka, eta azkenean, azken hauentzat izan zen garaipena, 12-22.

Zabala, Antzuolan

Tolosako txapelketa aurrera doan moduan, Emakume Master Cup eskuz binakako txapelketa ere jokatzen ari dira. Aurre-kanporaketako partidak izango dira, larunbatean, Antzuolan. Irati Zabala lizartzarrak, Maialen Bediarekin bikotea osatuz. Nagore eta Leire Galeano ahizpen aurka jokatuko du, pilota goxuarekin. Irabaziz gero, Aiora Armendariz eta Haizea Salanuevaren aurka jokatuko dute, otsailaren 8an, Villabonako Behar Zana frontoian. Aisha Etxeberria amezketarrak ere Villabonan jokatuko du, Arantxa Arratibelekin bikotea osatuz, Maialen Magunagoitiaren eta Jone Mateoren aurka. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!