Santa  eskean  aterako dira herritarrak

Ataria 2020ko urtarrilaren 29a

Ohi bezala Santa Ageda bezpera kantuan ospatuko dute eskualdeko hainbat herritan.

Kopla zaharrak dioenez Santa Ageda bezpera da Euskal Herriko eguna. Etxe guztiak kantuz pozteko aukeratu deguna ere esaten du kantuak eta eskualdean bertan herri bat baino gehiagotan jarraituko dute usadioa.  Makila eskutan hartu eta santa eskean ariko dira otsailaren 4an besteak beste, Alegian, Ikaztegietan, Berastegin, Anoetan, Bidania-Goiatzen, Amasa-Villabonan eta Ibarran. 

Berastegiko kantu eskea berezia izango da. Izan ere, iaz egin moduan, Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldearen laguntza izango dute. Berastegin jada Santa Ageda bezperan kantuan ateratzeko ohitura galdu zela ikusita, pasa den urtean Harituzen laguntza izan zuten eta egun osoko festatxoa egin zuten. Aurten ere bertsoz jantziko dute eguna. Santa Ageda bezperan, otsailaren 4an, elkartuko dira Ategin eta taldea osatutakoan aterako dira kantuan, eta horretarako Oihana Iguaranen eta herriko Iñigo Gorostarzu Etxorde bertsolarien laguntza izango dute. 
Ibarran ere aterako dira Hauspoa elkarteak antolatuta. Izaskungo izen bereko jatetxeko aparkalekutik abiatuta hasiko dira santa eskean 19:00etan. Ibarrako plazan elkartuko dira 18:30ean, Izaskunera igotzeko.

Alegian 11:30ean herri eskolako haurrak aterako dira eskolan bertan eta plazan kantatu, eta  19:00etan Txintxarri abesbatzaren txanda izango da. Ikaztegietan 15:30ean aterako dira eskolatik herrian zehar aritzeko. Anoetan ere 15:30ean aterako dira,  baserriz baserri ibiliko dira, eta 18:00etan plazan geldituko dira herriko kaleetan abesteko. Bidania-Goiatzen ere ez dute hutsik egingo. 17:30ean bilduko dira frontoian eta etxez etxe ariko dira. Kantuan ibili ondoren izena eman dutenek afaltzera joango dira. Amasa-Villabonan ere arratsaldez aterako dira herritarrak; 18:30ean bilduko dira kultur etxean kantatzera ateratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!