U30 Greba Orokorra

Tolosaldea ere mobilizatuko da greba orokorraren harira

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 30a, 09:17
Pentsiodunek manifestazaioa egin zuten larunbatean, Tolosan.

Eskubide Sozialen Kartak deituta greba orokorra egingo da gaur; herrialde mailako manifestazioa Donostian izango da eta arratsaldean eskualdeek hartuko dute lekukoa.

Greba eguna da gaurkoa. Euskal Herriko Eskubide Sozialaren Kartak egin du greba orokorrerako deia eta bertako kide diren ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru, Etxalde eta EHNE sindikatuek babestu dute, hainbat eragilerekin batera, tartean indartuz doan pentsionisten mugimenduak. 

Herrialdeko manifestazio nagusia Donostian izango da, 12:30ean, baina eskualdean ere izango dira hitzorduak. Goizean kale birak egingo dira hainbat herritan eta Villabonan manifestazioa ere egingo dute goizean. Eskualdeko manifestazioa dena den, arratsaldean izango da. 18:00etan irtengo da Tolosako Trianguloatik eta anoetarrak zein ibartarrak giza katean iritsiko dira bertara. Villabonan ere egingo dute manifestazioa arratsaldean 17:30etik aurrera.

‘Ataria’-ren lana
Ataria-k grebaren jarraipena egingo du webgunean eta biharko astekarian ere grebak eman duena jasoko du.

Mobilizazioak

Aiztondo. 05:30ean informazio piketea Asteasuko Gamesa enpresan (jaka horiak eramateko eskatu dute). 09:00etan manifestazioa Villabonako Errebote plazatik abiatuta, eta 10:30ean irtengo dira Donostiako manifestazioan parte hartzeko kamioi aparkalekutik irtenda. 17:30ean manifestazioa egingo dute Villabonako Errebote plazatik aterata.

Anoeta. 10:00etan eztabaida tailerrak egingo dituzte zimiterioan eta zaintza txokoa ere egongo da. 10:30ean aterako dira kotxe karabanan Donostiako manifestazioan parte hartzeko, eta 17:00etan abiatuko dira plazatik Tolosara, oinez, eskualdeko manifestazioan parte hartzeko.

Ibarra. Eskualdeko  piketeekin joateko bilduko dira 05:15ean, plazan. 09:00etan kale bira egingo dute plazatik abiatuta eta 10:30ean irtengo dira kotxe karabanan Tolosako Usabaletik Donostiarako manifestaziora. 17:30ean giza katea egingo da plazatik Tolosara, eskualde mailako manifestazioan parte hartzeko.

Tolosa. 05:30ean aterako dira piketeak Usabaletik eta 08:30ean kale bira egingo dute Trianguloatik abiatuta. Kotxe karabanan aterako dira 10:30ean, Usabaletik, Donostiara joateko eta manifestaziotik bueltan Oargi elkartean zaintza gunea eta herri jangela egongo dira (janaria norberak eraman behar du). 18:00etan eskualdeko manifestazioa Trianguloatik.

Donostia. Eskualdekoak 11:45ean elkartuko dira Amaran, Anoetako futbol zelaiaren parean, eta hortik Artzain Onaren plazatik 12:30ean abiatuko den herrialdeko mailako manifestaziora joango dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!