U30 Greba Orokorra

Langileon elkartasun eta batasunaren alde U30 grebara!

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sarea 2020ko urt. 27a, 11:58

Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Saretik babesa adierazi nahi diogu urtarrilaren 30eko greba orokorrari. Zentzu horretan dei egiten diogu eskualdeko langileriari mobilizazioetan parte hartu dezan.

Orain dela hilabete aurkeztu genuen sarea, soldatapeko laneko gatazken inguruan klase elkartasuna antolatzeko asmoz, jakinik langileon egoera geroz eta gordinagoa dela. Azken urteetako krisialditik ona eman diren aldaketei erreparatu besterik ez dago: pobreziaren gorakada, kontratuen %92a aldi baterakoak izatea, murrizketa eta kontraerreformak, pentsio duinik ez izatea, osasungintzaren merkantilizazioa, lan istripuak, erailketa matxistak eta bortxaketak, gazteen emantzipatzeko ezintasuna etab. Lan eta bizi baldintzen okertze nabari bat azken finean. Mundu mailan eragin duen krisian burgesiak boterea mantentzen jarraitzeko kondenatu nahi gaituen errealitatea da honako hau eta gure kasuan zehazki, euskal burgesiaren eta bere aparatu politiko eta sozialaren apustua. Horregatik iruditzen zaigu greba egiteko arrazoiak soberan daudela eta U30eko greba orokorra babesten dugu. 

Aipaturiko ofentsiba kapitalistaren aurrean zapalduon altxamendua ere geroz eta errealitate nabariagoa da; geroz eta gehiago dira lan eta bizi baldintza hobeengatik altxatzen diren langile sektoreak (ikasleetatik pentsionistetaraino). Greba ere horrela ulertzen dugu, hau da, langileok gure interesen alde egin eta gizartea gure nahieran antolatzeko tresna gisa; historiak sarritan azaldu digun bezala borroka baita horretarako bide bakarra. Zentzu horretan, oinarrian aurkitzen dena langileon arteko elkartasuna eta batasuna dira, zapalkuntza ezberdinei kolektiboki erantzuteko nahia eta beharra. 

Aurkeztu ginen unean, gure burua klase elkartasuna saretu eta langileon interesen aldeko prozesu soziala elikatzeko kolektibo gisa identifikatu genuen. Grebak krisi kapitalistaren aurrean langileon elkartasuna eta batasunaren aldeko apustua mahai gaineratzen duen heinetik aurrera pausu bat iruditzen zaigu. 

Horri jarraiki, esan beharra dago klase borroka ez dela greba honetara mugatzen, beraz, beharrezkoa izango dela langileon elkartasunean, batasunean eta borrokan aurrera jarraitzea. Bide horretatik, elementu hauetan sakondu eta fronte guztietan langile botorea elikatuko duten antolakuntza ereduak eta dinamikak irikitzea izango da botere burgesa gainditzeko jardunik emankorrena. Eskualdean ere bide horri eusteko apustua egina dugu. 

Gora langileon borroka!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!