2009 , MAIATZAREN 21A
Krisi garaiko lehen greba orokorra, ekonomia hondoratzen ari zela. «Beste eredu sozioekonomiko bat» eskatu zuten ELAk, LABek eta harekin batera gehiengo sindikala osatzen zutenek. Patxi Lopez sozialista Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza eskuratu eta gutxira egin zenez, izan zuen interpretazio politikorik ere.
2010, EKAINAREN 29A
Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak indarrean jarri nahi zuen lan merkatuaren erreformaren aurkako greba izan zen. Bi deialdi izan ziren, ELAk, LABek eta, oro har, sindikatu abertzaleek egindakoa, batetik, eta CCOOk eta UGTk egindakoa, bestetik.
2010, IRAILAREN 29A
Lan merkatuaren erreformaren aurkakoa hura ere. Hego Euskal Herrian CCOOk, UGTk eta beste talde txikiagoek soilik deitu zuten, eta Nafarroan eta Araban izan zuen eragin handiena.
2011, URTARRILAREN 27A
PSOEren gobernuak pentsio sistema erreformatzeari ekin zion, erretiratzeko adin ofiziala 65 urtetik 67ra atzeratzeko. Erreforma geraraztea izan zen grebaren helburua. Gehiengo sindikalak deitu zuen, baina ez, ordea, CCOOk eta UGTk, haiek adostu zutelako erreforma Madrilgo gobernuarekin.
2012, MARTXOAREN 29A
Azken urteotan egindako greben artean erantzunik handienekoa izan zen, Espainiako Gobernuak onartu berri zuen lan merkatuaren erreformaren aurkakoa. ELAk, LABek eta beste sindikatu txikiagoek deitu zuten grebara Hego Euskal Herrian, eta ondoren batu ziren CCOO, UGT eta beste batzuk ere, Espainiarako deialdia egin zenean. Industrian eta sektore publikoan ez ezik, merkataritzan ere oso erantzun handia izan zuen Hego Euskal Herri osoan, eta manifestazio jendetsuak izan ziren.
2012, IRAILAREN 26A
Murrizketen aurkako grebara deitu zuten ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, CNT, Hiru eta EHNE sindikatuek eta beste gizarte eragile batzuek. Deialdiak ez zuen urte hartako martxoko grebaren pareko erantzunik izan, baina manifestazio jendetsuak izan ziren hiriburuetan.
2012, AZAROAREN 14A
Azkeneko greba, Goi Bilera Sozialak (CCOO, UGT, LSB-USO eta gizarte talde batzuek) deitutakoa, eta ESK, CNT eta CGTren sostengua izan zuena. Horrelako kasuetan gertatu ohi denez, Nafarroan izan zuen eraginik handiena, Erriberan batik bat.
2013, MAIATZAK 30A
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta 60 gizarte eragile inguruk egin dute deialdia. Eskubide sozial eta laboral duinak leloa izan zuen, «gobernu ezberdinetatik eskubideei egiten zaizkien erasoen aurrean 'nahikoa da' esateko».
2018 - 2019, MARTXOAREN 8AK
2018an, lehenengo aldiz, Euskal Herriko Mugimendu Feministak emakumeen lan etenaldi partziala deitu zuen Martxoaren 8rako, indarkeria matxistak eta emakumeak zapaltzen dituen sistema kapitalista, patriarkala eta arrazista salatu zen. 2019an, Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eragile sindikal, politiko eta sozialekin batera, 24 orduko greba deia luzatu zuen. Greba bost ardatzetan antolatu zen: zaintza, enplegua, pentsionistak, ikasleak eta kontsumoa.