U30 Greba Orokorra

Aldaketa sozialerako: burujabetza

Jon Miranda Labaien 2020ko urt. 26a, 05:59

Urtarrilaren 30ean greba orokorra Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu du, pentsiodunen mugimenduaren eskakizunari erantzunez eta haien aldarrietatik harago joateko. Lan, pentsio eta bizitza duina jarriko dira mobilizazioaren erdigunean, «lan zentroak hustuz kaleak betetzeko».

Eskertuta daude eskualdeko pentsiodunak, haiek duela bi urte abiatu zuten borrokaren testigua gizarte eragileek hartu dutelako eskuetan. Iñaki Elduaienek hasieratik hartu du parte pentsiodunen mugimenduan eta erretiratu gisa, nahiz eta ezingo duen lanuzterik egin, urtarrilaren 30erako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak luzatutako greba orokorrerako deialdiarekin bat egingo du.

Pentsiodunen mugimendua duela bi urte oso modu «espontaneoan» abiatu zela aipatu du Elduaienek, «jendea oso haserre zegoen gobernuen aldetik ez zitzaielako ematen erantzunik oinarri-oinarrizkoak diren beharrei». Orain arte egindako borrokaren bitartez, erdietsitako lorpenak nahikoa ez direla iritzita, egoerak beste urrats bat ematea eskatzen zuela pentsatu zuten. Duela sei hilabete hasi zen Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua beste gizarte eragileekin gogoetak partekatzen. «Gazteekin, sindikatuekin, kultur arloko eragileekin, autonomoekin, merkatariekin eta beste hainbat sektoreetako ordezkariekin bildu ginen eta denek esan ziguten guk egindako diagnostikoarekin bat zetozela eta egoera honi erantzun indartsu bat eman behar zitzaiola».

Aipatutako sindikatu eta gizarte eragile guztiak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren inguruan saretu dira azkeneko sei urteetan. Herritarren eskubide sozialak biltzen dituen gutuna osatu zuten 2013an prozesu parte hartzaile baten bitartez eta azken urteetan eskubide horien aldeko ekimenak antolatu izan dituzte. Pentsiodunek egindako gogoetak partekatzeaz gainera, beste urrats bat emateko pronto zeudela jakinarazi zuten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan parte hartzen duten euskal sindikatuek. Alazne Mantxola ELAko ordezkaria da: «Azken urteetan pentsioen erreforma inposatu digute, Zapateroren eta Rajoyren lan erreformak pairatu ditugu, geroz eta murrizketa gehiago ezartzen dituzte gizarte zerbitzuetan. Egoera honek zuzenean eragiten dio langile klaseari eta egoera honen aurrean geratzen zaigun aukera bakarra, erreminta indartsuena, greba orokorra da».

Bat dator LAB sindikatuko Laida Zubillaga eta nabarmendu du Eskubide Sozialen Kartan biltzen diren eragileek eutsi egin diotela pentsiodunek botatako hordagoari. «Krisiaren aitzakian murrizketak aplikatu zizkiguten eta orain ekonomia goraldi batean dagoela esaten diguten garaian, ez dizkigute eskubideak berrezartzen». Esperantza gutxi du Zubillagak Espainiako estatuan osatu den gobernu berriarengan eta greba orokorrarekin burujabetza ariketa ba egingo dela nabarmendu du: «Badaude tresnak eta moduak planteatzen ditugun gutxieneko horiei hemendik erantzuteko. Borondatea balego, seguru nago irtenbidea bilatuko litzatekeela».

Pentsiodunen mugimenduan hartzen du parte Nekane Berriotxoak eta Oneka taldeko kidea ere bada. Datorren urtarrilaren 30ean emakume pentsiodunek kalera ateratzeko inork baino motibo gehiago dutela esan du. Bere hitzetan, emakumeen pentsioak oso baxuak dira eta alargunenak are gehiago. Horregatik, emakume hauei lagundu egin behar zaie, protesta eginez eta mobilizatuz».

Pentsioak, ordea, ez dira soilik pentsiodunen afera edo hori uste du behintzat Ernai gazte antolakundeko Aitor Urkolak: «Auzi hau denoi dagokigu, baita gazteoi ere, gaur borrokatu beharko gara, biharko etorkizuna bermatu nahi badugu». Urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egiteko gazteek arrazoi bat baino gehiago dutela aipatu du Urkolak, gazteena oso sektore «prekarizatua» baita. «Egia da gazteok geroz eta formazio handiagoa dugula, baina alderantziz geroz eta baldintza okerragoetan lan egin eta bizitzera kondenatuta gaude». Ernaiko kideak Euskal Herrian bertan bizi eta lan egiteko gazteek duten ezintasunean jarri du azpimarra.

Hamaika arrazoi grebarako

Konbentzimendu hirukoitza azaldu dute Tolosaldeko greba orokorra prestatzeko batzordean biltzen diren eragileek: «Pentsioena denen afera da, oraingo pentsiodunena eta etorkizunekoena; bestetik lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; eta bukatzeko, eskubide sozialak bermatu behar dira». Horretarako aldarrikapen taula bat adostu dute eragile guztiek, bestelako eredu sozio-produktiboa eraikitzeko eta egungo eredu erreproduktiboa iraultzeko, bizitza erdigunean jarriz eta zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna emanez. «Gizarte honek aurrera jarraitu nahi badu, planto egin beharra dauka», nabarmendu du Mantxolak.

Aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa, eskubideen unibertsaltasuna, euskararen normalizazioa, lurraldeen arteko oreka eta jendartearen beharren araberako antolamendua (lehen sektorea, azpiegiturak, garraio sektorea) aipatu dituzte gizarte eragile eta sindikatuek eredu berri horren oinarri gisa. Hain zuzen, ardatz horien bueltan eta greba orokorra prestatzeko saretze bat eman da azken hilabeteetan eta «oso aberasgarria» izan dela aipatu du Elduaienek. «Lan amankomuna egiten ari gara eta pozik gaude. Jende diferenteen arteko elkarlana beharrezkoa da, zubiak eraikitzeko balio baitu».

Dena, ordea, ez da urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin amaituko. «Eguna pasako da eta konbentzituta nago grebak fase berri batean sartzeko balioko digula. Egunean lortzen ez duguna, urtarrilaren 31tik aurrera lortuko dugu», aipatu du Elduaienek.

MOBILIZAZIOAK

Pentsiodunen mugimenduak deituta manifestazioa egingo da, bihar, urtarrilak 25, Tolosako Plaza Zaharretik 12:00etan abiatuta.

Herriz herri greba batzordeak ari dira lanean urtarrilaren 30eko mobilizazioak antolatzen. Goizean eskualdeko herrietan kale-birak izango dira eta 12:00etan Donostian egingo da herrialde mailako manifestazio nagusia.

Arratsaldean, herri mailan mobilizazioak egingo dira. Besteak beste, Amasa-Villabonan, Ibarran eta Tolosan iragarri dituzte ekitaldiak.

ALDARRIKAPENEN TAULA

2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea:

Erretiroa 65 urterekin; Erretiro aurreratua 61 urterekin, 30 urte kotizatuta izanez gero; Koefiziente murriztaileak arintzea; Erretiroa hartu ahal izateko adina jaisteko aukera zabaltzea sektore berrietara, bereziki nekagarriak eta arriskutsuak diren sektoreetara, adibidez, garraio-sektorea; Pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontutan; Pentsioen eros-ahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren pareko igoera); Pentsioen jasangarritasun-faktorea kentzea.

Beste neurri batzuk pentsioei buruz:

1.080 euroko gutxieneko pentsioa; Pentsio sistemaren finantziazioa bermatzea, kotizazio sozialen eta zergen bidez; Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea; Lan egindako egun bakoitzeko, kotizatutako egun bat.

Zapatoren eta Rajoyren lan erreformak bertan behera uztea:

Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea;·Herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenestea estatu mailako hitzarmenen gainetik;·Beheko esparruko hitzarmen batek goragoko esparruko beste baten baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea: Lan-eskubideetan egindako murrizketak atzera botatzea.

Azken hamarkadako grebak

2009 , MAIATZAREN 21A

Krisi garaiko lehen greba orokorra, ekonomia hondoratzen ari zela. «Beste eredu sozioekonomiko bat» eskatu zuten ELAk, LABek eta harekin batera gehiengo sindikala osatzen zutenek. Patxi Lopez sozialista Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza eskuratu eta gutxira egin zenez, izan zuen interpretazio politikorik ere.

2010, EKAINAREN 29A

Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak indarrean jarri nahi zuen lan merkatuaren erreformaren aurkako greba izan zen. Bi deialdi izan ziren, ELAk, LABek eta, oro har, sindikatu abertzaleek egindakoa, batetik, eta CCOOk eta UGTk egindakoa, bestetik.

2010, IRAILAREN 29A


Lan merkatuaren erreformaren aurkakoa hura ere. Hego Euskal Herrian CCOOk, UGTk eta beste talde txikiagoek soilik deitu zuten, eta Nafarroan eta Araban izan zuen eragin handiena. 

2011, URTARRILAREN 27A

PSOEren gobernuak pentsio sistema erreformatzeari ekin zion, erretiratzeko adin ofiziala 65 urtetik 67ra atzeratzeko. Erreforma geraraztea izan zen grebaren helburua. Gehiengo sindikalak deitu zuen, baina ez, ordea, CCOOk eta UGTk, haiek adostu zutelako erreforma Madrilgo gobernuarekin. 

2012, MARTXOAREN 29A

Azken urteotan egindako greben artean erantzunik handienekoa izan zen, Espainiako Gobernuak onartu berri zuen lan merkatuaren erreformaren aurkakoa. ELAk, LABek eta beste sindikatu txikiagoek deitu zuten grebara Hego Euskal Herrian, eta ondoren batu ziren CCOO, UGT eta beste batzuk ere, Espainiarako deialdia egin zenean. Industrian eta sektore publikoan ez ezik, merkataritzan ere oso erantzun handia izan zuen Hego Euskal Herri osoan, eta manifestazio jendetsuak izan ziren. 

2012, IRAILAREN 26A

Murrizketen aurkako grebara deitu zuten ELA, LAB, ESK, EILAS, CGT, CNT, Hiru eta EHNE sindikatuek eta beste gizarte eragile batzuek. Deialdiak ez zuen urte hartako martxoko grebaren pareko erantzunik izan, baina manifestazio jendetsuak izan ziren hiriburuetan. 

2012, AZAROAREN 14A

Azkeneko greba, Goi Bilera Sozialak (CCOO, UGT, LSB-USO eta gizarte talde batzuek) deitutakoa, eta ESK, CNT eta CGTren sostengua izan zuena. Horrelako kasuetan gertatu ohi denez, Nafarroan izan zuen eraginik handiena, Erriberan batik bat. 

2013, MAIATZAK 30A

ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek eta 60 gizarte eragile inguruk egin dute deialdia. Eskubide sozial eta laboral duinak leloa izan zuen, «gobernu ezberdinetatik eskubideei egiten zaizkien erasoen aurrean 'nahikoa da' esateko». 

2018 - 2019, MARTXOAREN 8AK

2018an, lehenengo aldiz, Euskal Herriko Mugimendu Feministak emakumeen lan etenaldi partziala deitu zuen Martxoaren 8rako, indarkeria matxistak eta emakumeak zapaltzen dituen sistema kapitalista, patriarkala eta arrazista salatu zen. 2019an, Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eragile sindikal, politiko eta sozialekin batera, 24 orduko greba deia luzatu zuen. Greba bost ardatzetan antolatu zen: zaintza, enplegua, pentsionistak, ikasleak eta kontsumoa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!