Praktikaldiak euskaraz

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 24a, 11:59

Hainbat erakundetako elkarlanari esker, Tolosaldeko zazpi enpresatan praktikaldiak euskaraz egin ahal izango dira.

Hezi eta lan proiektuak lanbide heziketako ikasketak euskaraz borobiltzea du helburu. Izan ere, eskualdeko lanbide heziketako Tolosaldea LHI, Inmakulada, Fraisoro eta Tolosako Paper Fabrikak zentroek ikasketak euskaraz bermatzen dituzte, baina praktikaldiak bestelakoak dira, eta enpesa edo lantoki bakoitzaren esku egon da arlo hori. Hori iraultzeko helburua du Hezi eta lan proiektuak, eta baita ikasleak eurak egoeraren jakitun egitea, enpresan bertan eragin ahal izateko. 

«Galtzaundi Euskara Taldeak Tolosaldeko lanbide heziketako zentroekin dituen ohiko harremanetatik sortutako proiektua da. Ikusi dugulako ikasleek D ereduan egiten dituztela ikasketa gehienak, baina gero praktikak egiterakoan ez dutela errealitate hori edo praktikak ez dituztela euskaraz amaitzen. Horregatik Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, zazpi enpresa hautatu ditugu eta enpresa horietan ikasleek praktikak blindatu ahal izateko proiektu pilotu baten bitartez», esan du Galtzaundiko Imanol Artola Arretxek. 

Ikastetxeak

Joxema Tolosa Lopetegi Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko arduradunak gogoratu du euren egitekoa ere badela praktikak euskaraz izango direla bermatzea: «Gurean euskaraz ikasten dute, D ereduko ikastetxea garelako, eta gure beharra eta nahia da praktikak euskaraz egin ahal izatea».

Inmakulada Lanbide Ikastolako Amaia Karrera Garciak ere proiektuaren garrantziaz hitz egin du eta esan du praktikaldiak hasterakoan «nolabaiteko jauzia» izaten dutela. «Guk hemen bermatzen diegu ikasketak euskaraz egin ahal izango dituztela, baina prestakuntza praktiketako moduluan jarraitzen dutenean ezin diegu euskara bermatu, joaten diren enpresaren hizkuntza politikaren araberakoak izaten baitira».

Hazilan programaren barruko Lanekin egitasmoari esker ondorioztatu ahal izan dute praktikaldiei dagokienez, lau arlok dutela garrantzia. «Lehenik eta behin, ikasleak instruktorearekin duten harremana euskaraz izan behar du lantokiko prestakuntza duala euskaraz izan dela esateko. Bigarren aldagaia harrera da; ikasleak enpresan izango duen lehenengo harremana  harrera ofiziala izango da eta ikasleak hor jasoko du enpresako giroa zein den. Bestalde, hizkuntza paisaia dugu; errotuluak, dokumentazioa... Ikasleak hor nabarituko du enpresako hizkuntza politika zein den. Lantaldea da laugarren aldaera; lantaldeak ahalbidetu behar dio ikasleari euskaraz hitz egitea», esan du Lanekiko Olatz Imaz Mendizabalek.  

Zazpi enpresa hautatu dituzte eta guztiek eman dute baiezkoa. Gureak, Refractorios Kelsen, Sutargi, Tarte, Otsabio, Feralco Iberia eta Iratze lorezaintza dira enpresa horiek. Enpresen baiezkoa jasota Galtzaundik diagnostikoa egin zuen. «Zazpi egoera desberdin ikusi ditugu, batzuetan jada bermatzen dute praktikaldia euskaraz, eta beste batzuetan berriz, harrera nola egin azaltzetik itzulpenetarako lana egin dugu», esan du Galtzaundiko Imanol Artola Arretxek.

Josune Zabala Alberdi Eusko Jaurlaritzako HPSko hizkuntza ikerketa eta koordinaziorako zuzendariak esan du Eusko Jaurlaritzarentzat berebiziko garrantzia duela proiektuak: «Eusko Jaurlaritzak 2018an eutsi zion euskara eremu sozioekonomikoan sustatzearen planari. Plan horretan ikaragarrizko garrantzia du euskaraz ikasten ari direnen eta enpresen arteko loturak bideratzea. Eta lotura horietako bide bat praktikak euskaraz egitearena da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!