Geroa diseinatzeko ordua

Irati Urdalleta 2020ko urt. 25a, 05:59
Argazkia Tolosaldeari. N. ROLDAN DE ARANGUIZ

Euskal Herriko eskualde guztien egoera aztertu du Gaindegiak Eskualdeak.eus egitasmoan. Tolosaldeari dagokionez, bizileku izateko baldintza «oso onak» dituela ondorioztatu dute, baina hobetzeko puntu nabarmen bat ere badu:  bere jarduera ekonomikoa eta honen berrikuntza teknologikoa

Zenbaki hutsak dirudite, baina harago doaz: 5,8; 23; edo 49.310. Izan ere, eskualde oso baten egoera islatzen dute; Tolosaldearena. 28 herrik osatzen dute eskualdea, bakoitzak bere ezaugarri eta errealitateak ditu. Tolosaldeko parametro nagusiak aztertu eta Euskal Herriko gainerako eskualdeenekin alderatu ditu Gaindegia behategi sozioekonomikoak. Bertako koordinatzailea den Imanol Esnaolak esan duenez, eskualde mailako lan baten beharra ikusten zuten, bakoitzaren egoera zehatzak ez ezik, beste eskualdeekiko harremanak ere nolakoak diren ikertzeko. Ondorioztatu dute Tolosaldea «posizio kritiko» batean dagoela. Izan ere, Donostia ingurua zerbitzuetan espezializatu da, bereziki zerbitzu aurreratuetan, eta Goierri, bere orografia lauagoa eta enpresen erro lokala medio, industrian. «Tolosaldea, XIX. momentu historiko batean dago, eta arretaz aztertu beharko du zer funtzio bete nahi duen, beti ere kontuan hartuta osagarritasuna egongo dela eskualdeen artean».

Tolosaldean bizitzeko ezinbestekoa da garapen ekonomikoa eta lana. Industria funtsezkoa da balio erantsiaren %43,1 sortzen baitu eskualdean. N. ROLDAN DE ARANGUIZ

Baina ondorioetara iritsi aurretik, Tolosaldea nolakoa den aztertu dute. Landa eremukoa izatea da ezaugarri nagusietako bat. Zehazki, 28 herritatik 23 daude inguru horretan. Horren ondorioetako bat da basoen eta nekazal guneen presentzia handia. Hain zuzen, eskualdearen %71,5 basoak eta eremu naturalak dira. Orografia horretan ez dago, ordea, lurra lantzeko eremu zabalik, eta tamaina txikiko edo ertaineko baratzeek betetzen dute lurraldearen %25,2. Hori Euskal Herriko bataz bestekoa baino dezente baxuagoa da (%37,6). Nekazal lur horietako asko elikadura asetzeko erabiltzen dira. Zehazki, 100 biztanleko 17 harea erabiltzen dira zeregin horretarako. Hori Gipuzkoa osoko kopuru handiena da, baina Euskal Herrikoaren azpitik dago –bataz beste 100 biztanleko 25 harea erabiltzen dira bertan–. «Tolosaldeak lur asko ditu, baina malkartsua da. Nekazaritzarako moduko lurrak ibai arroetan daude, eta horiek urbanizatuta daude», azaldu du Esnaolak.

Udalerri handienak urbanizatutako eremu horretan kokatzen dira, hau da, Oria ibaiaren inguruan, itsasoko mailatik gertuen dauden eremu lauetan. Bertan bizi da eskualdeko herritarren %65, gehienak Tolosan (%40). Lur artifizializatu gehienak, hau da hirigintza ehunak, ere bertan kokatuta daude. Orotara, Tolosaldearen %3,2 dago artifizializatuta –Gipuzkoako kopururik txikiena eta Euskal Herrikoa baino %0,6 baxuagoa-, eta 2008tik 2018ra %1,4 igo da kopurua.

Eskualdeak daukan antolaketa horren ondorioetako bat da biztanleriaren dentsitatea. Kilometro karratu bakoitzean 148 pertsona bizi dira. Hori Gipuzkoako kopururik txikiena da, nahiz eta Euskal Herrian askoz kopuru murritzagoak ere badauden –metro karratuko 150,6 da bataz bestekoa-. Azken hamarkadetan aldaketa handiak egon dira Tolosaldeko biztanlerian. 1900 urtean 24.500 biztanle zituen, eta lehenengo mende erdiko hazkunde demografikoa inguruko eskualdeetan baino apalagoa izan zen. 1950tik aurrera, Gipuzkoako hazkunde demografiko txikiena izan zuen. 70. hamarkada amaierako krisia dela eta, biztanleria galtzen hasi zen, baina egoera horri buelta eman zion 90. hamarkadaren erdian, Euskal Herriko beste eskualde batzuk baino lehenago. 2008tik 2018ra Tolosaldeko biztanleria beste eremu batzuetan baino gehiago hazi da (%5,7). Hori dela eta, gaur egun, 49.310 herritar ditu. Generoari dagokionez, Tolosaldeko herritarren justu erdia emakumeak dira eta beste erdia gizonak. Euskal Herrian berriz, %51,3 dira emakumeak eta %48,7 gizonak.

Tolosaldeko herritarren justu erdia emakumeak dira eta beste erdia gizonak. CHROMA

Horien artean, haurrak eta gazteak gainontzeko eskualdeetan baino gehiago dira, biztanleria osoaren %16,5 eta %14,1 hurrenez hurren. Horregatik, zahartze tasa (%20,3) Gipuzkoan eta Euskal Herrian baino baxuagoa da. Esnaolak dioenez, 36ko gerraren ondorengo hamarkadetan bizi izandako hazkundean jarri behar da fokua horren arrazoia ulertzeko, garai hartan gainerako eskualdeek baino etorkin gutxiago hartu izanaren eraginez, egun adin nagusiko herritarren proportzioa apalagoa da. «Tolosaldean oreka handiagoa dago gazteen eta zaharren artean», gaineratu du. Hala ere, nabarmendu du gazte asko egon arren, balitekeela etorkizunean horiek kanpora joatea lanera edo bizitzeko aukera berrien bila, gaur egun mugikortasuna gero eta handiagoa baita.

J. MIRANDA

Beraz, etorkinak beharrezkoak izaten dira biztanleria mantentzeko edo hazteko. Tolosaldean estatutik kanpo jaiotako biztanleria murritzagoa da gainerako eskualdeekin alderatuta. Hain zuzen, eskualdean bizi diren herritarren %8,3 estatutik kanpo jaiotakoa da; Euskal Herri mailan, berriz, %10,2koa da zifra hori. 

Esnaolak bi hipotesi ditu herritarrek Tolosaldean bizitzeari eusteko arrazoia azaltzeko. Alde batetik, identitatea dago. «Oso euskalduna da, eta lotura estuak eraikitzen ditu herritarren artean», azaldu du. Beste aldetik, kokapena ere ona dela dio, Goierritik hamar minutura eta Donostialdetik hamabostera dagoelako. «Bizileku izateko oso aukera egokiak eskaintzen ditu», azpimarratu du.

Zerbitzuek ere garrantzia handia dute, Tolosa inguruan baitago Gipuzkoa barnealdeko zerbitzu gune nagusia. Landa eremuko ingurua izanda ere, nahiko gertu daudela esan daiteke oinarrizko zerbitzu publikoak. Zehazki, Tolosaldeko herritarrek bataz beste 5,8 kilometro egin behar dituzte ospitalera, anbulategira, adineko zentrora, gizarte babeseko zentrora, edo eskolara joateko. Zerbitzuetan Tolosaldeak zein posizio hartu nahi duen ondo aztertu behar dela dio Esnaolak. «Eskualdeko herri txikietan, zenbait kasutan, eguneroko bizimoduari eusteko zerbitzuen, hala nola, haur txikienen zaintzan, egoerak kritikoak dira», ziurtatu du. Bitartean, Euskal Herri mailan, 8,1 kilometro egin beharra edukitzen dute bataz beste. Gipuzkoa soilik kontuan hartuz gero, ordea, Tolosaldeko herritarrak dira kilometro gehien egin behar izaten dituztenak, Urola kostaren aurretik -4,8 kilometro egin behar dituzte bertako herritarrek-. 

Tolosaldean bizitzeari eusteko arrazoia identitatean kokatzen da, "oso euskalduna da". J. ARTUTXA

Euskalduna izatea da Tolosaldearen beste ezaugarrietako bat. Zehazki, Tolosaldeko herritarren ia hiru laurdenak (%73,8). Horrenbestez, Euskal Herriko gainerako eskualde gehienetan baino –bataz bestekoa %34,6 da- handiagoa da euskal hiztunen tasa. Herritar horiek Tolosaldean bizitzeko ezinbestekoa da garapen ekonomikoa eta lana ere. Industria funtsezkoa da balio erantsiaren %43,1 sortzen baitu Tolosaldean. Gainera, Tolosaldeko industria ehunaren galera beste inguru askotan baino txikiagoa izan da. Hori dela eta, langabezia tasa %12,2koa da, Euskal Herriko bataz bestekoa baino bi puntu baxuagoa, baina hala ere, Gipuzkoakoa baino handiagoa. Hobetu beharreko ezaugarri bat ere nabari dio, ordea, Esnaolak Tolosaldeari: berrikuntza teknologikoaren maila apala. Industria XIX. mendearen amaieran sortua izaki, sektore eta produkzio bide berrietatik joan ahal izateko bultzada falta izan da. Bultzada hori nabarmena izan da, esaterako, Goierrin.

Enpleguan generoaren arabera ere badago aldea. Izan ere, ez aktibotasun egoeran dauden 15 eta 64 urte arteko biztanleriaren %55,7 emakumeak dira, Euskal Herri mailan baino %0,9 gehiago. Aldi berean, aipagarria da Tolosaldea 20.500 landunen bizilekua izanda ere, eskualdean 16.400 lanpostu soilik daudela, hau da, 100 herritar aktiborentzat 70 enplegu soilik daudela. Horren arrazoiak izan daitezke Tolosaldeari kostatzen ari zaiola krisialdi ekonomikotik suspertzea, eta berrikuntzan diru gutxi inbertitzen dela. Hala ere, alderdi positibo bezala azpimarratzekoa da, Tolosaldeak mila biztanleko industrian aritzen diren hamar establezimendu dauzkala, Euskal Herriko bataz bestekoa baino 4,3 gehiago.

Krisi ekonomikoa dela eta, 2008tik 2018ra %21 jaitsi da industrian, eraikuntzan eta zerbitzuetan diharduten establezimendu kopurua. Euskal Herrian, berriz, %13,7koa izan da galera hori. Egun 1.000 biztanleko 72,8 enpresa bideratzen dira jarduera horietara, Euskal Herriko bataz bestekoa baino 4,5 gutxiago. «Krisialditik ateratzea oso lotuta dago berritzeko gaitasunarekin. Tolosaldean krisiarekin tailer mekaniko asko itxi ziren, eta zaila da horri buelta ematea, horietako asko organizazio ahulak direlako, bai organizatiboki, bai finantzarioki», adierazi du Esnaolak.

Esnaolaren iritziz, berrikuntza falta horrek zuzenean eragin dio herritarrek izango duten errentari. Tolosaldeko herritarren bataz besteko errenta -17.814 euro urtean- gipuzkoarren bataz bestekoaren azpitik dago -. Hala ere, desoreka sozioekonomiko txikienetakoa duen eskualdea da, Debagoienarekin batera.

Lanean hasi aurretik baina, ikastea aukeratzen dute askok. Oro har, formazio maila ere Euskal Herriko bataz bestekotik behera dago. Izan ere, Tolosaldean formazio maila baxua –gehienez lehen mailako ikasketak- dauzkate herritarren %21,1ak, Euskal Herriko bataz bestekoa baino %1,2 gehiago, eta goi mailako ikasketak dituzten herritarren kopurua txikiagoa da Tolosaldean (%19,6) Euskal Herrian baino (%23,3). Esnaolak azaldu du hori gertatzen dela goi formazioa duen jendea hiriguneetan kontzentratua dagoelako. «Teknologikoki nahiko oinarrizkoa izan da Tolosaldea, eta horregatik ez du formazio maila handirik behar izan». Hori dela eta, formazio maila handiagoa duen jendea beste leku batzuetara joan dela dio. Hala ere, Tolosaldeko formazio maila Europako bataz bestekoaren gainetik dagoela nabarmendu du.

Lanpostua ez ezik, etxebizitza lortzeko aukera ere erabakigarria izaten da sarri leku batean edo bestean bizi hautatzeko. Etxebizitza kopurua dezente hazi da 2008tik 2018ra (18,6), baina hazkunde hori orokorrean Euskal Herrian egin dena baino txikiagoa da (%22,6). Gainera, litekeena da horietako asko hutsik egotea. Izan ere, eskualdeko etxebizitza guztien %16,3 hala daude. Bigarren mailako erabilera duten etxebizitza kopurura, aldiz, askoz apalagoa da (%3). Esnaola zehaztu du bisitari asko izaten dituzten eskualdeetan, etxebizitza asko bigarren etxe modura erabiltzen direla. Tolosaldeak, alde horretatik, ez dauka ezaugarri larrrik: «Etxe gehienak eguneroko bizileku bezala erabiltzen dira, eta ez dauka higiezinen burbuila handi bat Airbnb edo antzeko plataformetan, baina herri txikietan bertako gazteei eusteko, emantzipazio formula berriak beharko dira, etxebizitza alorrean ere bai».

Etxe gehienak eguneroko bizileku bezala erabiltzen dira, eskualdeak ez dauka higiezinen burbuila handi bat. N. ROLDAN DE ARANGUIZ

Etorkizuneko erronkei begira, Esnaolak herri txikien biziraupenean jarri du arreta. Zehaztu du Gipuzkoako herri txikiek bizi dutena ezin dela konparatu Pirineoetakoekin, izan ere, hango biztanleria galera askoz handiagoa da. Hemen, berriz, inguru ekonomiko indartsua eta zerbitzuak nabarmen gertuago dauzkate. Gazteak izango dira herri txikien etorkizuna bermatzeko protagonistak. Horiek sorlekuan geratzea erabakitzeko, ezinbestekoa iruditzen zaio bizilekuekin «politika eraginkorrak» egitea eta dibertsifikazio ekonomikora jotzea. «Tokian tokiko lana sortzeko, industriak betetzen duen lekua beste jarduera batzuek bete beharko dute: telelanak, nekazaritzak…». 

Eskualde osoa indartzeko ere argi ditu zein diren jarraitu beharreko pausuak Esnaolak. Tolosaldeak ezaugarri «oso positiboak» dituen arren, eskualdeak bere geroa diseinatu behar du eta bertako organizazioek indartu egin beharra daukate gaitasunak indartzeko, bertako talentuari eusteko. Ekonomia sozialak aukera onak eskaintzen ditu konpromiso mota hori formalizatzeko. «Prozesua oso luzea izango da, baina ezaugarri interesgarriak ditu, eta ongi moldatzeko moduan da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!