BABESTUTAKO EDUKIA

Tolosako kale sagardotegien historia

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2020ko urtarrilaren 25a

Belaunaldietan zehar galdutako historiaren parte bat berriro bizitzeko aukera izango da Tolosan. Intujai antzerki taldeak gidatuko ditu bisita bereziak, eta gainera, sagardoa eta mokadu bat dastatzeko aukera luzatuko zaio bisitariari.

Kuxkuxero, saltzaile, alproja eta parranderoen eskutik entzungo ditugu Tolosako kale sagardotegien inguruko bitxikeria, esamesak, kontu eta bertsoak. Belaunaldiz belaunaldi galtzen joan den Tolosaren historia ezkutu hau azalera ateratzen dugu berriro, aurten berrikuntza batekin, formatu berri batean, kale antzerki baten bitartez. Itunjai-ren eskutik, antzerkiz, bertsoz eta malabarez jantziko da kontakizuna, modu dibertigarri eta alai batean pasako dugu arratsaldeko tartetxo bat. Bisitan zehar Tolosaldeko sagardoa eta mokadu bat dastatzeko aukera ere izango da. Izan ere, elkargune ziren sagardotegi hauetan ez zen sagardoa bakarrik edaten, beti laguntzen baitzen mokaduren batekin.

Izan ere, gure kulturaren parte diren elkarte gastronomiko, taberna eta gaurko sagardotegien Iturburu ziren kale sagardotegi hauek. 38 izatera ere iritsi ziren Tolosan, eta horrek hiribilduaren gaur egungo ohituretan arrastoa ere utzi du, gu gaur egun konturatzen ez garen arren.

Tolosa gaur egun den hiri komertziala, bidegurutze izatetik sortu da, urteak eta mendeak pasa ahala inguruko tolosaldetarren elkargune izan da historikoki Tolosa, sagardotegietan lantzen ziren harremanak, apustuak, bertsoak eta kantuak. Kupela hasi eta bukatu arte edanez eta igeltsuz trago bakoitza kupelean markatuz. Baina ez dizuegu gehiago kontatuko, gorde eguna: otsailak 1, larunabata. Bi saio izango dira, 16:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Aukeratu ordua eta hizkuntza eta izena eman, plaza mugatuak dira eta. Haur, gazte, heldu eta aiton-amonentzat ederra izan daiteke, batzuek ezagututakoa biziberritzeko, beste batzuk entzundakoa gogora ekartzeko, gazteenek deskubritzeko. Izen emateak, Tolosaldeko Turismo bulegoan, 943697413 telefono zenbakian edo tour@tolosaldea.eus helbide elektronikoan.

EGITARAUA

OTSAILAK 1, LARUNBATA

16:00. Kale antzerkia, euskaraz.

18:00. Kale antzerkia, gaztelaniaz.

Izena emateko: 943697413 telefono zenbakian edo tour@tolosaldea.eus helbide elektronikoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!