"1978an eta 1982an Afrika ekialdera eginiko bidaiak jaso ditut"

Irati Saizar Artola 2020ko urt. 22a, 19:58

Kenya eta Kilimanjaro mendietan izana da mendizale tolosarra. Bidaia haietan bizitakoa kontatzeko, dokumental bat osatu du, eta bihar izango da ikusteko aukera, 20:00etan, Belauntzako kultur etxean.

Mendizaletasunak eraman zuen Mikel Garaikoetxea tolosarra Afrika ekialdera. 1978an eta 1982an hilabeteko bidaiak egin zituen, lehena Kenyara, eta bigarrena Tanzaniara.

Han jasotako argazkiak digitalizatu eta 50 minutuko dokumentala osatu du: Afrika ekialdeko isladak. Bihar aurkeztuko du Belauntzako kultur etxean, 20:00etan. Bertan izango da Garaikoetxea bera, eta bidaiei buruzko azalpen laburrak emango ditu.

Zer jaso duzu dokumental horretan?

1978 eta 1982an Afrika ekialdera egindako bi irteera jaso ditut. Helburua bi tontor egitea zen: bata, Kenyan, Kenya mendia, eta bestea, Tanzanian, Kilimanjaro. Bi bidaien artean desberdintasun bat bagenuen: lehen bidaian, mendia igotzea soilik zen helburua, eta bigarrenean, etniak eta inguruko kulturak ezagutzen ere saiatu ginen.

Bi bidaia horiek argazki bidez jaso dituzu?

Diapositiba batzuk dira,eta bizitza ematen saiatu naiz irudi guztiei, doinuekin, eta tartean, nik komentatuz.

Nola bururatu zitzaizun Afrika Ekialdera bidaiatzea?

Garai hartan, 70eko hamarkadan, Espainiako mendizaleak hasita ziren Andeetara bidaiatzen. Eta nafar batzuk dagoeneko Groenlandia eta Afrikara joandakoak ziren. Haien atzetik, haiek egindakoa errepikatu nahian joan ginen gu ere.

Bidaia egin aurretik guztia prestatzen zenuten?

Geure kasa antolatu genuen guztia; autodidaktak ginen. Aurretik izan zirenen esperientziek ere lagundu ziguten. Adibidez, Xebe Peña mendizalea ordurako izana zegoen Kilimanjaron.

Lagun taldeetan joan zineten?

Kenyara egindako bidaian 20 lagun joan ginen, gehienak Oargi elkartekoak, baziren, ordea, Alpino Uzturreko batzuk eta kanpoko batzuk ere. Tanzaniako bidaia lau lagunek egin genuen: hiru ezagunak ginen eta laugarrena debarra zen.

Mendi punta zapaltzeaz gain, bertako kultura ezagutzea ere helburuetako bat zen.

Gure beste helburuetako bat masai tribuko artzainekin hartu-eman txiki bat izatea zen, eta bigarren irteeran posible izan genuen. Zein ingurutan bizi ziren ikusteko aukera izan genuen egun batzuetan; beraien etxeak, enkangdeiturikoak, nola egiten zituzten ikusi genuen. Itzultzaile batzuen bidez, haien ohiturak ezagutzen ibili ginen.

Nolako paisaiarekin egin zenuten topo?

Altuera guztietako mendiak daude Afrika ekialdean. Hori kontuan hartuta, klima mota asko daude; goi menditik hasi eta itsasoko mailaraino mota guztietako klimak aurki daitezke; basamortua, sabana eta estepa daude. Inguru oso gogorrak dira bizitzeko eta aukera izan genuen ikusteko nola ia hiru ordu ibili behar izaten duten astoarekin ura aurkitzeko.

Zerk harritu zintuen gehien?

Garai hartan, bagenituen telebistak eta erreportajeren batzuk ikusiak genituen hura nolakoa izan zitekeen pentsatzeko. Baina bertara joan eta benetan hura ikustean, milaka sorpresa jaso genituen. Adibidez, egun batean umetxo bat gerturatu zitzaigun eta eskuetatik betaurreko batzuk kendu zizkigun. Kristaletatik begira jarri beharrean usaindu egin zituen.

Errealitate ezberdinekin egin zenuten topo, beraz.

Garai hartan guk ez genekien ziur mundua zein egoeratan zegoen. Pentsatzen genuen jendea pozik bizi zela, eta han beste arpegi bat ezagutu genuen. Miseria handia zegoen, eta gaur egun ere hala dago.

Urteko zein garaitan egin zenituzten bidaiak?

Langileak ginen, beraz, udako oporrak aprobetxatu genituen. Abuztuan saiatzen ginen bidaia haiek egiten, eta hilabeteko egonaldiak egin genituen nola Kenyan, hala Tanzanian.

Dokumentaleko irudietan zein gai bildu dituzu?

Hitzaldian Rift haranaren inguruan hitz egin nahi dut, nola sortu zen azaldu. Eta erlijioa, etnia eta mendizaletasunari buruz ere aritu nahiko nuke. Dokumentaleko argazki gehienak neuk eginak dira, baina beste taldekide batzuenak ere badaude tartean. Mendizaletasuna kulturari lotzea gustatzen zait, eta gidoi bat idatzi dut dokumentaleko gai guztiak lotzeko. Orokorrean, Rift haraneko bizitzaren inguruan zentratu naiz.

Zein da Rift harana?

Ia 10.000 kilometroko luzera duen haran bat da eta 50 kilometro ditu zabalean. Garai batean lurrazala ia 400 metro jaitsi zen. 30 sumendi inguru daude; erdi aktibo daude batzuk eta besteak aktibo. Esaten dutenez, etorkizunean ur azpian geratuko omen da eremu hori.

Zer gehiago kontatu duzu irudietan?

Niretzat bizitzak doinua dauka. Bizitzaren edozein momentu pelikula bat bezala da eta doinu desberdinak dauzka. Orduan, dokumentalean, irudia doinu desberdinekin lotzen saiatu naiz. Eta doinu horietan nola ahaztu Afrikako perkusioa. Halako kapritxo bat badut esateko, hango perkusioa Olduvaiko arroilan sortu zela, lehenengo hominidoaren bihotz taupadak imitatuz. Eta diot txirula ere agian han sortu zela, haizeak sabanako akazia arantzadunen artean ateratako doinua imitatu nahian. Doinu horiekin dokumental guztia girotu dut eta animalien hotsak ere nahastu ditut.

Bada denbora bidaia haiek egin zenituenetik. Orain guztia gorde nahi duzu?

Orain jubilatuta nagoenez, denbora daukat horrelako gauzak egiteko. Beti izan dut afizio hori eta orain, ikus-entzunezkoak osatzen ari naiz. Nire asmoa hamar bat edo egitea da, bidaia eta gai desberdinekoak.

Alpeetako bat egina duzu.

Leman lakutik mediterraneoraino oinez egin genuen ibilbidea 1988an. Hori bideo formatuan jaso nuen, eta oraingoa argazki zaharrak digitalizatuta osatu dut. Ikasten ari naiz nola egiten diren; poliki-poliki noa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!