Abaltzisketako Ostatuak berriz ere zabalik ditu ateak

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urt. 22a, 19:59

Bego Altuna amezketar gazteak hartu du ostatua eta herriko denda ustiatzeko ardura; «gogotsu» hasi da lanean, baina «neurria hartu nahian» dabil.

Abaltzisketako Ostatuak berriz ere zabalik ditu ateak. Bego Altuna amezketarrak hartu du Ostatua ustiatzeko ardura. Ostatuarekin batera, herriko denda ere zabaldu du.

Pintaketa eta txukunketa lanak tarteko, bi hilabetez egon da ostatua itxita. Herritarrek falta sumatua zutela adierazi diote Altunari, eta gogoz zeuden berriz ere ateak zabalik izateko: «Herritarrek hasieratik oso ondo erantzun dute. Gogoz zeuden. Beste taberna asteburuetan bakarrik irekitzen dute, eta astean zehar herria hilda geratzen zitzaiela esan didate». Hamabost egun daramatza lanean Altunak: «Hilaren 7an ireki genuen eta nahiko topera hasita gabiltza, martxa hartu nahian. Hasierakoboomhorretan gaude, baina era berean, neurria hartzeko gogoz nago».

Ez du inoiz ostalaritzan lanik egin amezketarrak baina buruan zuen ideia: «Hau irekitzeko aukera zegoela irakurri nuen, eta buruari buelta batzuk eman nizkion, eta orain egingo dut edo ez dut egingo, eta baiezkoa pentsatu nuen». Gustukoa duen galdetuta «tentazio bat da», dio. «Probatzeko gogoa nuen». Debuta egingo duela adierazi du, baina «gogoarekin nago, eta gauza asko egin nahi ditut».

Berak hartu du ustiatzeko ardura, baina onartu du, familia bere bueltan duela martxa hartu bitartean «erabat laguntzen». Berea izango da ustiapenaren ardura, eta behin egunerokoan sartuta, poliki-poliki joango da buruan dituen ideiak burutzen.

Astean zehar, eguerditan, eguneko menua eskaintzen dute. Horrez gain, plater konbinatuak, ogitartekoak, pizzak, hanburgesak, razioak,... «Pixka bat denetik jartzen ahalegindu gara, eta estilo ezberdineko jendea kontuan hartzen ahalegindu gara, hau da, gaztetxoetatik hasi eta helduagoetara bitartekoak». Begetarianoen menua ere badute, nahiz eta, «oraindik hobetzeko gauza asko ikusten ditugun».

«Guk gure erara prestatu dugu, baina agian publikoak harritu egiten gaitu, eta eskaera hori kontuan izango dugu», dio Altunak. Asteburuei begira, berriz, menu berezia dute. Urte garai honetan, sagardotegi menua martxan jarri nahi dute, eta babarrun jateei ere egin nahi die lekua.

Egunero 09:00etan zabaltzen ditu ateak, eta bezeroek markatzen dute atea ixteko ordua. Astean zehar lehenago izaten da, baina «hemen ere ostegunetan okertu daiteke kontua», dio irribarre artean, eta azpimarratu du, astean zehar ere jendeak ateratzeko ohitura baduela.

BERTAKO PRODUKTUAK

Ostatuaz gain, herriko denda ere zabaldu du eta eskatu beharrekoaz-eta arduratzen bada ere, ahizpa arduratzen dela batik bat kontatu du Altunak. Bertako produktuak sartu nahi izan ditu, eta garrantzia eman dio bai dendan, eta baita jatetxean ere bertako produktuak erabiltzeari. Barazkiak, haragia, gazta eta eztia, esaterako, Amezketako baserrietakoak dira, eta jogurtak Orendaingoak. «Garestiagoa izanagatik ere, kalitatea sartu nahi izan dugu», azpimarratu du.

Ostatutik aparte dago denda, eta harrituta geratu da lehen astean ibili den jendearekin, «ez nuen espero hainbeste jende». Era berean, garbi du herritarrek izan behar dutela bizi irauteko mugarri. Denda aparte geratzen da eta turistek ere jakin dezaten seinaleak jartzeko asmotan da.

Eskolako jangelako otorduak ere ostatuaren esku daude, nahiz eta, bi begirale arduratzen diren haurrei banatzeaz. Asteazkenetan gutxiago badira ere, 17 haurrek bazkaltzen dute bertan.

Bukatzeko, Abaltzisketako Ostatua jendearengana iristeko bide gisa sare sozialak erabiltzen ditu Altunak, eta paraje ederrez inguratuta, «kalitatea, bertako produktuak eta gertutasuna» eskaintzen ditu.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!