Enpresa, alderdi politiko, epaile, eliza, irakasle, kazetari eta komunikabide, arkeologo eta herri mugimedu zehatzek bere papera jokatu dute eta jokatzen ari dira auzi ilun honetan. Eta guztiaren erdian, euskara. Izen abizenekin, guztiaz bere ikuspegia emango du Juan Martin Elexpuruk (1950, Bergara), ostiralean, Ibarrako kultur etxean 18:45etik aurrera.
Otsailaren 3an hasiko da epaiketa, 11 urteren ondoren. Hitzaldiak han eta hemen ematen ari zarete.
Joan den 10 urtean 100 hitzaldi baino gehiago emango genituen Euskal Herrian. Baina bai, azken txanpa honetan, hitzaldi ugari ematen gabiltza gaia aktibatze aldera. Batez ere, ikusirik hedabideek ez dutela hori egiten; gehiago ezkutatzera jotzen dutela gaia plazaratzera baino.
Bi liburu idatzi dituzu gaiaren inguruan: 'Iruña-Veleiako euskarazko grafitoak' (2009, Arabera) eta '¿Que esta pasando en Iruña-Veleia? (2018, Pamiela). Ahaztua duenarentzat edo entzun ez duenarentzat, zer da Iruña-Veleiako auzia?
2005ean eta 2006an, Iruña-Veleian, Gasteiztik 10 kilometrora, 400 bat grafito agertu ziren aztarnategi erromatar batean. Hezurrak, adreiluak eta bereziki zeramika puskak, marrazki eta idazkunekin. Tartean, latinezkoekin batera, euskarazkoak. Aurkikuntza handitzat jo zen, batez ere, euskarazko idazkunengatik; euskarazko lehenengo hitz arruntak eta esaldiak zirelako. Hasieran ontzat eman ziren. Unibertsitateko (EHU) bi irakasle izan ziren ontzat eman zituztenak prentsaurreko batean: Henrike Knörr eta Joakin Gorrotxategi. Gero, berehala, zalantzak hasi ziren, eta handik bi urtera, unibertsitateko irakaslez osatutako batzorde batek txartzat jo zituzten.
Hasieran ontzat, gero txartzat, iritzi aldaketa horrek erreakzioa ekarri zuen.
Berehala sortu zen mugimendu bat. Grafitoak aztertzen hasi ziren, argazkietatik beti. Arkeologia aldetik, latinaren edo euskararen ikuspegitik... Aditu mordo batek, gehienak atzerrikoak, ontzat eman zituzten. Hor sortu zen polemika, 11 urte iraun duena. Bitarte horretan, Arabako Foru Aldundiak gaia judizializatu egin zuen. Sekula egin behar ez zuen gauza bat. Gai zientifiko bat da Iruña-Veleia eta gai zientifikoak ezin dira epaitegi batean erabaki. Horretarako foro zientifikoak daude. Azken 10 urte hauetan gaia pozoinduta egon da eta dago. Horrela, azkenik epaiketara heldu gara.
Espetxe zigorrak eta isunak eskatzen dituzte auzipetuentzat.
7 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen zaio Eliseo Gil orduko zuzendariari. Beste bi langilerentzat ere kartzela zigorrak eta isunak eskatzen dira. Ia 300.000 eurokoak.
Arabako Foru Aldundiak epaitegietara jo zuenean, zein zegoen.
Arabako Diputatu Nagusia Xabier Agirre zen, EAJ-PNVkoa. Baina gaia auzitegira eramatea erabaki zuena Lorena Lopez de Lacalle kultura diputatua izan zen, Eusko Alkartasunako militantea.
Aditu talde batek dio ostrakak edo piezak faltsuak direla, besteak benetakoak. Ez dakit non irakurri nuen zientziak ez duela zure edo nire iritzirik behar bizirauteko. Zer diote froga zientifikoek? Egingo ziren, ezta?
Ez, piezen gainean ez da egin orain arte behar bezalako analisirik. Karbono 14arena egin zen, adibidez. Baina orduan ez zen piezarekin egiten, bere inguruan agertutako animalia hezurrekin edo ikatz puskekin baizik. Analisiek erromatarren garaikoak zirela eman zuten. Garai hartan, hezur pusketa handi samarra behar zen analizatzeko, eta horrela egiten zen pieza ez kaltetzeko. Gaur egun zati txikiagoa erabiliz egin daiteke. Baina oraindik piezen gainean ez da behar bezalako frogarik egin.
Behar bezalako froga zientifikorik egin ez bada, non dago eztabaida?
Gaia sakonagoa da. Beste hainbat arrazoi eman izan dira faltsutzat hartzeko.
Arrazoi horietaz eta horien inguruan eman diren erantzunetaz hitzaldian hitz egingo duzu. Jendeak buruan beste zalantzaren bat baldin badu ere galdetzeko aukera izango duela pentsatzen dut: Descartes hitzaren erabilera, garaiko emakumeen orrazkera edo garbiketa tuneletako kamerak, adibidez.
Hori da. Hala eta guztiz ere, esan beharrik ez dago ni ez naizela orojakilea, egiaren jabea. Nik nire iritzia emango duk eta dakidana esango dut. Nire zalantzak ere agertuko dira, beraz. Hemen dena dakienik ez dago.
Hori bai, gaur egun pieza horiek non daude gordeta?
Bibat Arabako Museo Arkeologikoan omen daude, kutxa batean gordeta.
Museo hori Arabako Foru Aldundiarena al da?
Bai.
Frogak akusatzailearen esku daude?
Hori da esaten den beste gauza bat: Epaiketak ez luke egun bat ere iraun behar. Frogak akusatzailearen esku egon dira denbora guztian, eta badakigu, dokumentatua dagoelako, jendeak sarrera izan duela pieza horietara judizializatu ondoren ere; grafologoak, batzordekideak eta beste batzuk eskuetan izan dituzte. Defentsak ez, defentsak ezin izan ditu ikusi ere egin 11 urte hauetan. Auskalo nola dauden... Berez, epaiketak ez luke bi egun ere iraun beharko, baina 10 sesio daude iragarrita.
Faltsutzearen atzean arrazoi ekonomikoak zeudela ere idatzi da: "Izena eman nahi ez duen arkeologo batek mehatxuak zeudela esan zuen, ezer interesgarririk ateratzen ez baldin bazen, babes ekonomikoa galduko zuela indusketak".
Delitu guztietan zio batek egon beharra dauka. Bati hori bururatu zitzaion eta hori bota zuen. Baina oinarririk gabea da. Lurmenek 2002tik 2012ra bitarteko kontratua sinatua zuen Euskotrenekin. Aurkikuntzak 2005ean eta 2006an gertatu ziren. Arrazoi hori, beraz, tontakeria hutsa da.
Politika atalean, PP eta EA-EAJ agertzen dira hasiera hartan.
Horrela da. PPko Ramon Rabanera zegoen foru aldundiaren buru. Kulturakoa Federico Berastegi zen. Aurkikuntzekin Berastegi pozik zegoen. Bere osaba bat, apaiza, inguru horietan bilaketa lanetan aritutako lehenengoetakoa izan zen 1900 inguruan. PPren ondoren EAJ-EA-Aralar tripartitoa sartu zen Aldundian. Gauza jakina da unibertsitateko katedratikoek “burua jan ziotela” Lopez de Lacalleri. Dokumentatuta dago nola Gorrotxategi joan zitzaion neurriak hartzeko eskatuz. Dena den, horrek ez dio ardura edo erantzukizuna kentzen. Bera izan zen gaur hau dagoen lekura eraman zuena.
Atal ekonomikoa, politikoa...
Atal geopolitikoa ere aipatuko nuke nik, egoera lehenaz gain zailtzen duena. Hor euskalduntze berantiarraren gaia dago. Historiografia espainiarrak oso kuttuna du gai hori. Euskararik ez zela hitz egiten esaten dute Araba, Bizkaia, Gipuzkoa edo Nafarroan berandura arte. ETB eta Alberto Santana ere bide beretik ikusi ditugu. Ondorioz, aurkikuntzak ontzat emango balira, teoria hori pikutara joango litzateke.
ETB eta Santana aipatu dituzu.
Hori da. Euskal Telebistak ekoiztu zuen Santanaren dokumentala eta behin eta berriz eman du, teoria gezurti hori hauspotuz.
Horrek komunikabideetara eramaten gaitu. Hauen papera nolakoa izan da?
Asko zehaztu beharko genuke eta horretarako hitzaldian izango dugu aukera. Esan, bakarrik, hasieran euforiaz hartu zela aurkikuntzen albistea. Berehala pasa ziren zalantzetara. Ondoren, batzordeak epaia eman zuenean, Eliseo Gil faltsutzailea zen zalantzarik gabe eta diruarengatik edo famarengatik egin zuela zioten. Inolako lotsarik gabe epaiketa mediatikoa egin zitzaion. Orokorra izan zen, ez El Correo eta horrelakoena bakarrik.
Euskal Herriko Unibertsitatea ere tartean dago.
Bai, eta eliza ere hor dago. Gero, guk ezagutzen ez ditugun beste hainbat arlo ere egongo dira. Seguru hor ezkutuan gauza mordoa dagoela. Beharbada noizbait ezagutuko ditugu edo agian ez.
Eta guztia euskarazko hitzengatik.
Bai. Eta hori ez dugu guk bakarrik esaten. Bi aldeek aitortzen dute hori. Euskara ez balitz agertu aurrera pasako ziren latinezko idazkunak eta grafito kristauak. Baina euskara agertu zenean, alde batetik, gure filologo jakintsuak urduri jarri ziren. Filologo batzuk esan behar da, ez denak. Urduritu ziren, nolabait esateko, ostraketan agertzen ziren gauza batzuk ez zetozelako bat beraiek ikasgeletan erakusten zutenarekin. Bestalde, espainolismorik espainolena aktibatu zen. Gero, nik ez dakit elizak zenbaterainoko eragina izan duen, baina txikia ez, seguru.. Guztiari gure klase politikoaren ezjakintasuna gehitzen baldin badiozu, harrokeriaz ondo zipriztindutako ezjakintasuna... 11 urte ateratzen dira. Euskal eragile politiko eta sozialak, salbuespenak salbuespen, ez dira mugitu denbora honetan. Gutxienez, arrazoi humanitarioengatik egin beharko zuketela iruditzen zait. Izan ere, ez da beste auzirik egon hemen epaiketara iristeko 11 urte behar izan dituenik. Ezta ezagutzen ditugun auzi jendetsu eta korapilatsu horiek ere. Benetako tortura jasan dute Eliseo Gilek eta beste bi auzipetuek. 11 urte eta ez du inork ezer esaten.