Parotiditisa edo, bestela esanda, paperak

Masail inguruetan birus baten bidez sortutako hanturari buruz aritu da, Kristina Aiestaran medikua; tratamendu zehatzik ez badu ere, zitrikoak jatea gomendatu du.

Parotiditis izenez baino, papera izenez ezagunagoa da, ia herritar guztientzat, masail inguruko hantura eragiten duen gaixotasuna. Osasunakin urratu saioan hizpidera ekarri du gaia, Kristina Aiestaranek, eta birusak sortutako sintomak eta zailtasunak errepasatzearekin batera, transmisioaz, tratamenduaz eta prebentzio aukerez ere ohartarazi ditu entzuleak.

Parotiditisak 15-21 eguneko inkubazioa izan ohi du, baina sintomak azaldu aurreko bi  egunetan hasten da kutsakor izaten. Gaixotasun biriko guztien antzera, ez du tratamendu zehatzik, baina Aiestaran medikuak fruitu zitrikoak kontsumitzea gomendatu du, listu gehiago sorrarazteko. Azkenik, prebentzio lana ere zaila dela aitortu du, sintomak beranduago azaleratzen direlako.

Hala ere, beste hainbat kasutan bezala, gogora ekarri du beti dela komenigarri eskuak ondo garbitzea, eta higiene horri arreta jartzea. Txertoari dagokionez, Hirukoitz Birikoa delakoak egiten du prebentzio lana, baina, kontuan izatekoa da, kasuen %90 babesten dituela txertoak.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!