Mapa berriak eta Topic zentroko bideoa aurkeztuko dituzte, Fitur azokan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 20a, 16:53
Informazio praktikoa bilduko dute panel turistiko berriek.

Asteazkenean hasiko da turismoaren nazioarteko azoka, eta Tolosaldeak "turismo jasangarriaren aldeko apustua" garatzen jarraituko du, erakusleihoa probestuz.

Tolosako Udaleko ordezkariak eta Topic zentrokoak ostegunean bertaratuko dira Madrilgo azokara, eta bi proiektu nagusi aurkeztuko dituzte. Batetik, Tolosako mapa eta panel turistiko berriak eta, bestetik, Topic zentroaren promozio bideo berria.

Aurten txotxongiloen nazioarteko etxeak 10 urte bete dituela-eta, Topic-ek protagonismo berezia hartuko du Fitur azokan, eta ikus-entzunezko lana izango da horretarako bidea. Udalak iragarri du, gainera, datozen hilabeteetan ezustekoren bat edo beste izango dela, Topic zentroaren aldetik, herritarrentzat.

Tolosako bisitariei begira, berriz, mapa eta panel turistiko berriak aurkeztuko ditu udalak; "erabilerrazagoak, turisten esperientzia hobetzeko". Oinarrizko informazioa bildu dute paneletan, eta hiztegia, helbidea, Topic, azoka, gastronomia, herriaren historia eta turismo bulegoko informazioa eskainiko dizkiete bisitariei. Mapek, berriz, iaz aurkeztutako moleskine koadernoa osatzeko balioko dute.

Olatz Peon Tolosako alkateak Fitur azokan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du, hitzordua erakusleiho bat dela zehaztuz, eta "ikasteko, joera berriak ezagutzeko eta promozionatzeko" aukera azpimarratuz. Bide horretan, eskualdeak turismo jasangarriaren bidetik jarraitu behar duela dio Peonek, "hiriburu eta kostaldeko bisitarien eskaintza osagarria" izanez, eta "bertako izaerari eutsiz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!