Santuen egunak, ate joka

Irati Saizar Artola 2020ko urt. 17a, 09:16

San Anton eguna ospatuko dute, gaur, Berastegin; San Sebastian egunerako ere prest dira eskualdeko hainbat herri.

Gaurkoa, San Anton eguna da. Berastegiko hiru ermitetako batek izen hori darama, eta gaurko eguna festarako baliatzen dute.

Animalien zaindaria da San Anton, eta hori ardatz hartuta ospatu ohi dute eguna. 10:00etan meza izango dute ermitan bertan, eta amaitzean, herritarrek emandako animaliak bedeinkatu egingo ditu Xabier Iturrioz herriko apaizak. Aspaldiko ohitura da animaliak ermitara eramatearena, eta ohiturak jarraitu egiten du oraindik; garai batean, baserritarren ogibide ziren animaliak, eta bedeinkapen horrek urte guztirako osasuna ziurtatzen zien. Ur bedeinkatuarekin zipriztindu ostean, hamaiketakoa eskainiko dute bertaratzen diren guztientzat.

Aurtengoa, ordea, berezia izango da. Ermita berritzeko obra lanak egin berri dituzte teilatuan, eta herritarrei erakusteko baliatuko dute, inaugurazio moduan. Hori horrela, gaurko mezan egingo den eske bereziko dirua obra hori ordaintzeko erabiliko da, eta igandean San Martin de Tours parrokian izango den eske berezia ere helburu berdinerako erabiliko dute. Obra hori diruz lagundu nahi duenak elizako kontu korrontera sartzeko deia egin dute parrokiako kideek, azalpenean San Anton ipiniz.

Sansebastianak, gertu

Behin San Anton eguna pasata, San Sebastian egunaren zain geratuko da bat baino gehiago. Urtarrilaren 20an, astelehenean izango da egun hori, eta eskualdeko hainbat herritan egingo dute ospakizunen bat. Besteak beste, San Sebastian ermita duten herrietan: Berastegin, Berrobin, Leaburu-Txaraman eta Orendainen.

Leaburu-Txaraman, bezperako eguna, igandea, aprobetxatuko dute festarako. Ohitura duten bezala, ermitan meza egin ondoren, herriko dantzariek emanaldia eskainiko dute atarian, eta jarraian, herriko ostatura igoko dira hamaiketakoa egitera. Gainerako herrietan San Sebastian eguna bera, astelehena, baliatuko dute ospakizunetarako.

SANSEBASTIANETAKO EGITARAUAK

BERASTEGI

Urtarrilak 20, astelehena.

10:00.Meza San Sebastian ermitan (Eguraldi txarra eginez gero, kaperan egingo da, ordu berean).

Ondoren.Hamaiketakoa.

BERROBI

Urtarrilak 20, astelehena.

16:00.Meza San Sebastian ermitan.

LEABURU-TXARAMA

Urtarrilak 19, igandea.

10:30.Meza San Sebastian ermitan.

Ondoren. Herriko dantzarien saioa.

Amaitzeko. Hamaiketakoa, herriko ostatuan.

ORENDAIN

Urtarrilak 20, astelehena.

11:00.Herriko plazatik abiatuta, txistulariek alaituta kalejira izango da ermitaraino.

11:15. Meza San Sebastian ermitan.

Ondoren. Eraikin berrian hamaiketakoa.

14:00. Bazkaria, Eltxoak elkartean. Izena emateko azken eguna gaur izango da, eta elkartean edo udaletxean egin beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!