Geroa pentsio osagarriekin kexu

Irati Saizar Artola 2020ko urt. 17a, 09:04
Argazkia: Juan Carlos Ruiz/Foku

Erretiroa hartu eta pentsio duin bat kobratu ahal izatea da langile askoren ametsa. Gizarte Segurantzak eskaintzen duenaz gain, pentsio osagarria osatzen laguntzen du Geroa Pentsioak BGAEk, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak.

Lan bizitza osoan, enpresarekin batera ekarpenak eginez, pentsio osagarria lortzea dute helburu langileek; eta, erretiroa hartu ostean, egindako ekarpena berreskuratzen dute. Hori ikusirik, ordea, haserre agertu dira Geroari ekarpena egin dioten eta egiten ari diren hainbat langile eta pentsiodun, eta Geroa BGAEk Kaltetutakoen Plataforma sortu dute. Geroak dirua berreskuratzerako orduan jartzen dituen “mugak” salatu nahi dituztela azaldu du Michel Piedrafita plataformako kideak.

1996an jarri zen martxan Geroa Pentsioak BGAE Gipuzkoan, eta Adegi patronalak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek osatzen dute gobernu organoa, parekidetasunez. Sortu zen urte hartan metalgintzako sektorearekin akordioa sinatu zuten, eta gaur egun ia beste hogei sektore gehiago daude barnean. Atxikitako enpresek eta langileek erdibana egiten dituzte ekarpenak, hilero: langileak Geroara egiten duen ekarpenaren ehuneko bera egiten du enpresak. Horrela, ekarpen horiek langilearen pentsiorako metatzen dira erretiroa, ezintasuna edo heriotza iristerako. Geroako zuzendari Virginia Oregik argi utzi du euren sistemak “Gizarte Segurantzako pentsioak osatzea” soilik duela helburu.

Piedrafitak dio inoiz ez dutela zalantzan jarri kudeatzeko modua, “bikaina” iruditzen zaiola, baina “dirua berreskuratzeko moduak” huts egiten duela. “Eta uste dugu ondo ez dagoena esan egin behar dugula”.

Egindako ekarpenaren zenbatekoaren arabera, dirua berreskuratzeko modu ezberdinak dauzka finkatuta Geroak: ekarpena 11.280 euro baino gutxiagokoa bada, kapital moduan kobratzen da; 45.120 euro baino gutxiagokoa bada, errenta edo kapital gisa kobratzeko aukera eskaintzen dute; eta 45.120 euro baino gehiagokoa bada, errenta moduan soilik kobra daiteke. Azken modu horrekin ez datoz bat plataformako kideak, eta 45.120 eurotik gorako ekarpena egina dutenek ere “aukera librea” izan dezaten nahi dute: “Ez dugu nahi inolako mugarik jartzerik; libreki aukeratzen uztea nahi dugu: bakoitzak erabaki dezala zer egin nahi duen bere diruarekin, kapital moduan edo errenta bidez jaso”.

Plataformako kideak kexu dira zifra horietatik gora aukeratzeko eskubiderik ez dutelako, eta abuztutik ari dira horren aurka borrokatzen. “Geroatik jaso dugun erantzuna da estatutuek horrela zehazten dutela eta ezin dela ezer egin”, dio Piedrafitak. “Guk badakigu, ordea, estatutuak alda daitezkeela, eta horretan indar egiteko sortu dugu plataforma”.

45.120 eurotik gorako ekarpena egina dutenek, beraz, aukera bakarra dute diru hori berreskuratzeko: errenta bidez jasotzea. “Errenta hori, ordea, ez dago heriotza tasen tauletan oinarrituta, iraupen tauletan baizik”. Hori horrela, salatu dute Geroaren sistemak ez dituela kontuan hartzen erretiroa hartzear dauden langileak, baizik eta langile gazteengan soilik pentsatzen duela: “Ez da berdina langile gazte batek 65 urte dituenean izango duen iraupen tasa eta duela urte batzuk aurreikusten zena; urtez urte aldatuz doa kopuru hori”. Izan ere, hilabetean jasotzen duten errenta 188 eurokoa da, eta 90 urte bete arte zenbateko hori kobratzen dute. Oregik azaldu du kontuan hartzen ari direla bizi itxaropena urtez urte luzatzen ari dela.

Gaur egun, hitzarmenaren arabera, metalgintzako sektoreak egiten du ekarpenik handiena Geroara: soldataren %2,3 jartzen du langileak, eta beste horrenbeste enpresak. Gainerako hitzarmenetan, ehunekoak baxuagoak dira. Guztira, 110.000 langile ingururi eragiten die sistemak.

Proposamenak

Plataformako kideek pentsatuak dituzte bestelako proposamen batzuk: “Kapital moduan edo errenta moduan kobratu ahal izateko muga 45.000 euro inguruan badago, eta norbaitek kantitate horretatik gorako ekarpena egina badu, eman diezagutela kapital moduan, eta sobera geratzen dena jasoko dugu errenta bidez”. Piedrafitak egin izan du proposamen hori, baina ezezko erantzuna jaso izan du beti. Oregik argi du zein den euren eskaintza: “Enpresa batek produktu bakarra saltzen badu, ez diezaietela beste produktu bat eskatu, ez baitute hori saltzen”. Urte gutxi daramatzan erakunde bat dela dio Oregik, eta pixkanaka lan egin nahi dute; “ikasiz eta moduak hobetuz zabaltzen joatea” da asmoa.

Plataformako kideek borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi dute, eskatzen dutena lortu asmoz. Astelehenean bilera bat egin zuten Geroaren egoitzan, baina, plataformako kideek azaldu dutenez, egin zituzten proposamen eta galderek ez zuten inolako erantzunik izan. Halere, erantzuna idatziz prestatuko zutela baieztatu zietela azaldu du Piedrafitak; beraz, plataformako kideek hamar eguneko epea jarri diete erantzuna jasotzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!