Tolosa CF-koen parte hartze zabala Elgoibarko Nazioarteko Krosean

Ataria 2020ko urtarrilaren 14a

Ander Garinek "izugarrizko marka" lortu du Valentzian, 10.000 metroko distantzian.

Pasa den igandean Elgoibarreko Nazioarteko Krosa izan zen jokoan, eta Tolosa CF Atletismo taldetik azaldu dutenez, "urteroko legez, izugarrizko mailarekin". Taldeko atletek "emaitza esanguratsuak" lortu zituzten.

16 urte azpiko mailan, Ane Martin laugarren sailkatu zen eta Manex Civico zazpigarren. 18 urte azpikoetan mutiletan izan zuten ordezkaritza Odriozola anaiekin: Unax 50. sailkatu zen eta Alain 58. 20 urte azpiko mailan, Paula Del Pozok 9. postua lortu zuen, nazioarteko maila duten atleten aurka lehiatuz. Maila absolutuan, Ander Etxeberria 46., Aitor Regillaga 56. eta Unai Hernandez 78. izan ziren. Beste hiru ordezkari ere bertan izan ziren, baina aurrenekoek itzulia kentzeagatik lasterketa utzi behar izan zuten: Andoni Saldias, Iñaki Insausti eta Ibai Madina. "Ez dira emaitza batere makalak maila horretako kros batean", laburbildu dute klubetik.

Valentziako 10 KM Ibercaja Saria

Ander Garinek "izugarrizko marka" lortu zuen Valentziako 10 KM Ibercaja Sarian, 30,55ko denborarekin aurreko bere marka pertsonalari ia minutu eta erdi kenduaz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!