Janari eta material bilketa, sahararrengatik

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko urt. 14a, 10:18

Urte hasiera guztietan egiten duen moduan, Tolosaldea Sahararekin elkarteak janari eta material bilketa egingo du hilabete honetan.

Helburua Saharar herriarekiko elkartasuna da. Saharar herria azken 43 urtetan zatiturik aurkitzen da: batzuk, saharar errefuxiatu kanpalekuetan bizirauten dute, beste batzuk, lurralde okupatuan Marokoko erregimenak okupaturik duen Mendebaldeko Saharan eta beste batzuk, lurralde askatuetan Frente Polisarioaren eskuetan dagoen lur zatian. «Ezin ahaztu ditzakegu diasporan bizi diren sahararrak ere», azpimarratu dute elkartetik.

Guztiek behar dutela laguntza adierazi dute, eta, hain justu horretarako sortu zuten Tolosaldea Sahararekin elkartea, 2000. urtean, sahararrei laguntzeko.

Urte guzti hauetan proiektu ugari jarri dituzte martxan, eta horietako bat da janari eta material bilketa: «Gure urteroko helburua ahalik eta produktu gehien jasotzea da. Tolosaldeko biztanle bakoitzak kilo bat emango balu aukera ikaragarria izango litzateke». Horretarako eskualdeko elkarte eta eragile ezberdinen laguntza behar izaten dute. Ikastetxe guztietan, herri txikietako udaletxeetan edota azken urteetan jarri dituzten ohiko tokietan bilduko dute materiala.

Aurten hauek izango dira bilduko diren gauzak: lekaleak, hegaluzea eta sardinak oliotan, pasta, arroza, azukrea, olioa, konpresak, eta haurrentzat eta helduentzako pixoihalak. Baita eskolako materiala ere, hau da, koadernoak, arkatzak, borragomak, txorroskiloak… Bilketa honek urtarrilaren 31ra arte iraungo du: «Bildutako guztia elkartean bildu, antolatu eta Donostiara eramango dugu otsaila bukaeran Sahararantz aterako baitira aurten Gipuzkoa guztian bilduko diren produktuak».

Elkartasun bilketak, Oporrak Bakean haurren harrera programa, Maiatza Borrokan jardunaldiak… urtean zehar egiten dituzten ekimenak dira. «Guretzat garrantzitsuenetako bat azken urte hauetan Saharako Lurralde Askatuetan Midyick herrian aurrera eraman dugun proiektua izan da: 140 ikasleentzako lehen hezkuntzako ikastetxe bat eraiki eta mantentzea, eta 200 kilometroko distantzian dagoen anbulatorio bakarra eraiki eta mantentzea dira», adierazi dute.

Bestalde, iazko urte amaieran, Altzoko eskolak herrian egindako azokan 350 euro lortu zituen. Tolosaldea Sahararekin elkartera bideratu zuten dirua Gabonetako oporren aurretik. Elkarteak, udan, Saharatik haur bat ekartzeko baliatuko du diru hori.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!