Pentsiodunen mugimenduak 30eko greba babestu du

Ataria 2020ko urt. 13a, 13:46

Eskualdeko pentsiodunek urteko lehen mobilizazioa egin dute, gaur, Tolosan. Alde Zaharrean manifestazio jendetsua egin ondoren, 250 bat herritar, euren aldarrikapenen alde borrokan jarraituko dutela gogoratu dute amaierako ekitaldian. 

Pentsiodunen mugimenduak herritarrak urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartzera deitu ditu. Euren ustez, pentsio publiko eta duinak defendatzeko erantzun eta bermerik onena hilaren 30eko mobilizazio orokorra da: "Guztiok gaude konprometituta mobilizazio horretan, pentsio publiko duinak lortzeko helburua baitute, bai eta, bizi baldintza eta soldata duinak eskuratzekoa ere. Soldatak eta pentsioak lotuta daude, bai oraingo pentsioetan baita etorkizunekoetan ere".

Bi urte daramatzate mobilizazioekin hego Euskal Herriko pentsiodunak. Horrela jarraitzea beste erremediorik ez dutela azaldu dute. "Elkarretaratzeekin jarraituko dugu Tolosaldean hamabostean behin, eta urtarrilaren 30ean, gure erabateko babesa emango diogu egun horretako greba orokorraren deialdiari. Pentsiodunak, langileak, emakumeen kolektiboak, gazteak eta pobreziak eta bazterkeriak baztertutako beste gizarte sektore batzuetakoak, guztiok bat eginda, mobilizazio hori arrakastatsua izatea lortuko dugu, estatuko beste herri batzuentzat erreferentzia izateko, gure eskaerak adi entzun ditzaten eta behar bezala erantzun diezaguten". 

Espainiako gobernu berriari ere zuzendu zaizkie, gutxieneko pentsioa ezartzeko eskatuz, 1.080 eurokoa. Gogoratu dute, nork gobernatzen duen dela gutxienekoa, eurek pentsio publikoak defendatzen jarraituko dutela. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!