Zahar etxeetako langileak urtarrilaren 17ra begira

Tolosaldeko Ataria 2020ko urt. 13a, 11:59

Joan den ostiralean greba otsailaren 7ra luzatzea erabaki zuten. 180 egun beteko dituzte greban konponbiderik ez baldin badago. 

"Gipuzkoako zahar-etxeetako sektoreko patronalek ez dute ekarri ELAk negoziaziorako gutxieneko bi baldintzei buruz eskatutako erantzuna", adierazi zuten sindikatutik joan den ostiralean. Ondorioz, greba otsailaren 7ra luzatuko zutela jakinarazi zuten. "Beraz, 180 egun betetzen duen greba deialdiarekin jarraitzea erabaki dute grebalariek Lan Harremanen Kontseiuan izandako bileraren ostean".
 

Hala ere, urtarrilaren 17an egoera konpontzeko aukera ikusten dute ELAtik: "sektoreko patronalek proposamen bat ekartzeko konpromisoa hartu zuen, urtarrilaren 17rako. Ostiralean bilera berri bat egingo da, beraz". Egun horri begira daude zahar etxeetako langileak: "Hilaren 17an ikusiko dugu ea patronalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sektoreak gaur egun bizi duen egoera larria desblokeatzearen alde aurrerapausoak ematen dituzten edo orain arte bezala bere erantzukizunak hartu gabe jarraitzen duten  sektorea egoera kaotikoan mantenduz".

ELA sindikatuak, joan den ostiraleko bilera aurretik, oinarrizko bi premisa jarri zituen mahai gainean: "Lehenengoa, sektoreko hitzarmena sinatzea ekarriko duen oinarrizko akordio bat bermatzea, bai eta gaur egun enpresan, lantokietan eta itun blindatuetan dauden hitzarmen kolektiboak berritzea ere (ELA, Adegi eta Matiaren arteko akordioan jasota dago 2018ko abenduan); eta bigarrena, 2017. eta 2018. urteetarako soldata-igoerak bermatzea, atzeraeraginezko ondorioekin, ELAk, Adegik eta Matiak abenduan lortutako akordio ekonomikoa oinarri hartuta. Patronalei helarazitako dokumentu baten bildu ditu bere proposamenak".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!