Garaipen historikoa oroitzeko

Ataria 2020ko urtarrilaren 9a

Realeko jokalarien garaipen historikoa aintzat hartuta, erretilua egin dute ATARIAk eta HITZAk; ATARIAren egoitzan eskuratu dezakete atarikideek 8 euroan.

Realeko neskek Kopa irabazi zuten pasa den urtean, eta garaipen historikoa oroitzeko erretilua egin dute ATARIAk eta HITZAk. Dagoeneko salgai daude TOLOSALDEKO ATARIAren bulegoan bertan.

Emakumeen taldearekin egin den lehen erretilua da, 2019ko maiatzaren 11n Granadan gertaturiko balentria ez ahazteko. Taldea sortu zenetik garaipen horretara heltzeko bidea luzea izan da. Izan ere, jokalari askok jarri dute euren alea familia txuri-urdin handiaren eraikuntzan, eta Granadan lortutakoa haiei esker ere izan zen. Esfortzurik gabe, ez dagoela garaipenik, baina posible dela erakutsi dute.

1980-1981 denboraldiko Liga izan zen talde txuri-urdinak irabazi zuen lehen titulu esanguratsua, Gijonen Jesus Maria Zamorak egindako gol mitiko hari esker. Lorpen hura ez ahazteko, erretilu oroigarri bat egin zen. Urteak pasa dira geroztik, eta hala ere, hainbat tabernatako apaletan ikus daiteke, eta realzale askok ere etxean gordeta izango dute.

Orain, baina, emakumeen unea dela erakutsi dute jokalariek, lortutako txapeldun titulua eskuetan dutela.

Realeko neskekin eginiko erretilua lortzeko Tolosako San Esteban auzoko 20. zenbakian ATARIAk duen egoitzara jo behar da. 8 euroan eskuratu ahal dute Atarikideek, eta gainerakoentzat 12 euroan dago eskuragai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!