Bilboko manifestaziora joateko deia egin du Sarek

Ataria 2020ko urtarrilaren 8a

GALen biktima den Asun Lasa tolosarrak irakurriko du Bilboko manifestazioko mezua, Rosa Rodero ETAko biktimarekin batera.

Irtenbide «justua eta iraunkorra» eraikitzea, errespetua eta erreparazioa eskaintzea biktima guztiei, eta espetxeetan presoek eta senideek jasaten dituzten eskubide urraketak behin betiko amaitzea. Sarek eta Bakegileek horrela laburbildu dituzte, Bilbon eta Baionan larunbatean egingo diren manifestazioekin egin nahi diren aldarrikapenak. 15:00etan abiatuko da Baionakoa eta 17:00etan Bilbokoa. Azken manifestazio honetara joateko autobusak antolatu ditu eskualdetik Tolosaldeko Sarek.

Rosa Rodero ETAren biktimak eta GALek eraildako Joxean Lasa tolosarraren arreba Asunek jarriko diote ahotsa azken mezuari Bilboko manifestazioan. Sarek nabarmendu du emakume horiek argi dutela gorrotoak eta mendekuak kalte bakarrik egiten dutela, eta ez dutela nahi inork euren izenean hitz egitea, edo euren mina «modu alderdikoi» batean erabiltzea. 

Ez dezagun historia errepikarazi izango da Baionako manifestazioaren buruan joango den pankartaren mezua eta Orain presoak jarriko duen oihal handi bat eramango du Bilbokoak. Baionako eta Bilboko manifestazioak era sinbolikoan batuko dituzte, gainera.

Zerrendak herriz herri

Tolosaldeko Sarek Bilboko mobilizaziora joateko autobusak antolatu ditu. Lizartzatik autobus bat aterako da eta Leaburu, Gaztelu eta Orexako herritarrak eramango ditu Bilbora. Tolosan Santa Klaratik aterako da autobusa larunbatean 15:00etan. Raku, Amaiur eta Xirimirin daude izen emateko zerrendak jarrita.

Berastegi, Elduain eta Berrobitik ere aterako da beste autobus bat eta izen emateak Berastegiko Ategi tabernan, Urepele elkartean eta Basurde elkartean egin beharko dira. Villabonatik ere pare bat autobus ateratzeko asmoa dute eta Iratzar tabernan eman beharko da izena horretarako. Anoetaldetik aterako den autobusean apuntatzeko, Irurako Trinkete, Errekalde eta Enara eta Anoetako Itzuli eta Arkupera jo beharko da. Amaitzeko, Alegialdetik aterako den autobuserako zerrendak, Alegiako Iskiña eta Jubilatuen tabernan daude jarrita. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!