Aiztondoko udal ordezkariek elkartasunerako deia egin dute

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 26a, 17:48

Aiztondo bailarako udalek Sarek abenduaren 31rako deitutako manifestazio isilarekin bat egin dute.

Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Alkizako udal ordezkariek euskal presoek, eta euren senide zein lagunek pairatzen dituzten eskubide urraketak gaitzetsi dituzte agerraldi batean. "Espainiar eta frantziar estatuei eskubide horiek bermatzeko neurriak har ditzatela" eskatu diete ere.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak esan du eskubide horiek aldarrikatzeko beharrezkoa dela erakunde publikoak eta herritarrak bat eginda mobilizatzea, eta hori dela eta egin dute bat Sare Herritarrak martxan jarritako Orain Presoak herri dinamikarekin. "Gure babesa adierazi nahi diogu euskal presoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteari ere", gaineratu du.

Hori dela eta, abenduaren 31n 19:00etan Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatu eta Villabonako Errebote plazan amaituko den manifestazio isilarekin bat egiten dutela adierazi dute, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete. Era berean, sakabanaketa politika bertan behera uzteko eskatu dute, "beharrezkoa da presoei eta batez ere, euren senide eta lagunei bidegabeko zigor erantsia ezartzen dien sakabanaketa politikarekin behin betiko amaitzea". Horrekin batera gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoen kaleratzea eskatu dute Espainiako legediak horrela dioela gogoratuz: "Gaixotasun sendaezinak dituzten presoek espetxetatik irten eta etxetik hurbil dagoen ospitalean egoteko eskubide osoa dute, espainiar legedian jasota dagoen bezala, beraz eskubide hori errespetatzea eta gaixo dauden presoen berehalako kaleratzea exijitzen dugu". 70 urtetik gora duten presoak kaleratzea eskatu dute ere.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!