70 pilotari inguru ari dira parte hartzen

Ataria 2019ko abenduaren 26a

Gaur eman zaio aurtengo Gabonetako Pilota Topaketari hasiera, XVIII. edizioa dena dagoeneko. Intxurre Pilota Elkarteak antolatuta, Alegialdeko haurrek parte hartzen dute.

Ohi bezala, Alegiako Elorri pilotalekuan elkartu dira, txapelketako argazki ofiziala ateratzeko. Ondoren, herri ezberdinetara banatu dira pilotariak, partidekin hasteko. Aurrebenjamin eta benjamin mailakoak Alegian bertan hasi dituzte partidak. Altzon alebinak eta kadete neskak hasi dira norgehiagokak egiten. Amezketan elkartu dira infantil mailakoak. Eta Ikaztegietan mutil kadeteak. Hamabi tantotara egiten dituzte partidak, eta eskuz ari dira jokatzen, pilota goxoarekin.

Gaur eta bihar jokatuko dituzte finalerako sailkatzeko partidak. Zenbait mailatan gaurko egunarekin nahikoa izango dute. Finalak Ikaztegietan jokatuko dituzte, abenduaren 30ean, astelehena, 16:00etan hasita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!