24 autobus berri iragarri dituzte Lurraldebus zerbitzurako

Ataria 2019ko abe. 19a, 13:42

Gipuzkoako Foru Aldundiaren mugikortasun saileko batzordean urriaren 29ko istripuaz hitz egin zuten, atzo. 16 urteko tolosarra, senideekin, komisioa jarraitzen izan zen. 

Rafaela Romero mugikortasun diputatuak egin zuen iragarpena atzo: Buruntzaldeako eta Tolosaldeako autobus zerbitzuak 24 ibilgailu berri izango ditu. Horrez gain, hainbat neurri proposatu zituen diputatuak: abiadura neurtzeko takografoa jartzea autobusei; errefortzuak gehitzea autobus barruan eta Lurraldebus-en mantenurako eraikinetan kontrol gehiago egitea. Autobusen mantenuaren kontrola Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela jakinarazi zuen. Bestalde, zerbitzuaren esleipena martxan dagoela iragarri zuen Romerok, eta "hilabete gutxitan" gauzatuko denaren esperantza azaldu zuen. 

Erabaki hauek hartzeko garaian, urriaren 29ko istripuak eragina izan duela onartu zuen diputatuak, "nahiz eta bestela ere hartu beharreko neurriak izan". Diputatuak zehaztu zuenez, neurri horietako batzuk ez ditu legeak eskatzen, takografoa jartzearena edo errefortzuenak, adibidez. Hala eta guztiz ere, segurtasuna hobetze aldera egokitzat jo zituen Romerok. 

Urriaren 29ko istripua 

Tolosatik Donostiarako N-1 errepidean, Andoainen, Lurraldebus autobuseko atzeko ateko leihotik 16 urteko neska tolosar bat airean atera zen. Zauri larriak izan arren, beste autoengandik ihes egitea lortu zuen. Atzo, tolosarra eta bere senideak foru aldundiaren mugikortasun komisioan izan ziren. Rafaela Romero diputatuaren eta beste hainbat hautetsiren elkartasun eta babes mezuak jaso zituzten bertan. 

Elkarrekin Gipuzkoako Arantxa Gonzalezek eraman zuen gaia komisiora. Honen galderei Romero diputatuak erantzun zien. Gonzalezek autobus zerbitzu publikoaren segurtasunaren inguruan galdetu zuen. Romerok, ikerketa oraindik guztiz amaitu gabe dagoela gogoratu zuen; "epai bidea oraindik zabalik dago, baita polizia ikerketa ere. Hala eta guztiz ere, Ertzaintzaren diligentziak azaroaren 25ean jaso genituen, eta hor, ikerketan ibili diren ertzainen balorazioak eta aipamenak daude". 

Balorazio eta aipamen horiek oinarri hartuta hitz egin zuen atzo Rafaela Romerok, ondorengoak adierazteko: 

  • Alde batetik, 80 kilometro orduko eremuan, urriaren 29an, autobusa 86 kilometro orduko abiaduran zihoala esan zuen Romerok. Bestetik, "diligentzien arabera, horrek istripuan ez zuela eraginik izan", azaldu zuen. 
  • Alde batetik, istripuaren arrazoia mantenuaren gabezian kokatu zuen diputatuak. Bestetik, zerbitzuaren kontzesioa duen TSST enpresaren arabera, kristala 15 hilabete lehenago jarritakoa zen eta homologaturik zegoen, diputatuaren hitzetan. Autobusak, gainera, IAT (ITV) edo Ibilgailuaren Azterketa Teknikoa urriaren 23an pasa zuela onartu zuen diputatuak, hau da, istripua baino 6 egun lehenago. 
  • Ibilgailuak errefortzu falta zuela esan zuen Romerok batetik, ondoren horiek legez beharrezkoak ez direla onartzeko; "nahiz eta segurtasuna hobetzeko berme izango liratekeen". 
  • Alde batetik, istripuaren ondoren TSST enpresak diputazioari inongo berririk ez ziola eman azaldu zuen Romerok, legediak eskatzen duen bezala. Horregatik, zerbitzuaren kontzesioa duen TSST enpresari espediente informatiboa zabaldu zitzaiola gogoratu zuen. Bestetik, espediente hori itxita dagoela onartu zuen atzo, horren inguruko berri gehiago eman gabe.  

Frankoren garaiko esleipena

Rafaela Romerok azaldu zuenez, Tolosa-Buruntzaldea-Donostia lotzen dituen autobus zerbitzu publikoaren esleipena 1973. urtean egin zen, "frankismoaren garaian". Areizaga, Garayar eta TSST enpresen esku geratu zen. Ordutik, ez da beste esleipenik egin. Saiakerak bai, ordea, Romeroren esanetan, 2011-2015 bitartean lau saiakera egin ziren, baina ez ziren aurrera atera. 2013an, esleipenaren luzapena bakarrik sinatu zen, eta 2018an, zerbitzua esleitzeko beste saiakera bat egin zen. Diputatuak jakinarazi zuenez, "azkenean, atzo (asteartea) sinatu genuen tramiteak exekutatzeko ordena eta espero dugu hilabete gutxitan zerbitzua esleitzea. Horrekin batera etorriko dira 24 ibilgailu berriak. Esan behar da, bestela ere, 10 urtez behin berritzen direla zerbitzua ematen duten ibilgailuak. Gainera, horietako batek azterketaren bat ez baldin badu gainditzen, lehenago aldatzen da". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!