Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sarea aurkeztuko dute ostiralean

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 17a, 11:59

Aurkezpen ekitaldia Tolosako kultur etxean izango da, hilaren 20an, 19:00etan. Zapalkuntzei aurre egitea posible da! Eta horretara goaz! leloarekin egin dute deialdia. 

Ostiralean aurkeztuko dute Tolosaldeko Autodefentsa Laboraleko Sarea, Tolosan. Aurkezpen deialdiarekin batera, sarearen nondik norakoak azaldu dituzte ondorengo idatzian:

Aurkezpen ekitaldirako gonbidapen deialdia:

Ez dira garai onak langileontzat, bizitzeko gure lan indarra saltzera kondenatuta gaudenontzat. Langabezia altua, kontratu prekarioak, soldatetan engainuak eta ez ordaintzeak, ordutegi eta erritmo bidegabeak edota abusu zein zapalkuntzak eguneroko ogia bihurtzen ari dira. Nagusiak kontrolatzen duen makinaria zapaltzaile gisa azaltzen zaigu eguneroko lan prozesua. Argi dago gehiengoaren esplotazioan oinarritzen den gizarte batean bizi garela zeinetan batzuk aberasten doazen bitartean besteok miseriara kondenatuak gauden. Sortzen dugun aberastasuna lapurtu digute eta horretan jarraitzen dute. Zentzu horretan lan mundua boteredunen interesen menpe dago, burgesen menpe.

Gu, bitartean, sumiso eta banandurik nahi gaituzte. Posizio sozial berdinean gaudenok (langileok) elkar babestu beharrean, gure artean konpetitzen nahi gaituzte. Horrela, gure bizitzen gaineko kontrola eta edozein zapalkuntzarako inpunitatea edukitzeko joko zelaia prest dute. Baina, guk badakigu bateratuta indar handiagoa dugula eta hori dela esplotazioari aurre egiteko bide bakarra. Historian zehar, behin eta berriz, azaldu eta frogatu den bezala langileon inpotentzia indibiduala gainditzeko potentzia kolektiboa sortzea da bidea bakarra.

Azken urteetako krisiarekin batera etorritako ofentsiba kapitalistak bizi zein lan baldintza gordinagoen aurrean jarri gaitu eta etorkizun iluna dugu aurretik. Baina, esplotazioari eta zapalkuntzei aurre egiteko hautua eta beharra ez da guztiz desegin. Poztekoak dira azken urteetan eman diren borroka eta altxamenduak, zapalduon emantzipazio taupadak bizirik darraiela azaleratzen digutenak. Eskualdean ere makina bat dira ematen ari diren, eman diren eta garaipenak lortu diren gatazkak. (Autobus gidariak, grafika eta papelgintzako langileak, zaintza lanetan dihardutenak, pentsionistak etab.)

Hala ere, badira soldatapeko lanean borrokatzeko gaitasunik gabe aurkitzen diren sektore asko, bakarrik sentitzen direnak. Bestetik, borrokarako hautua hartzen dutenek, gatazka sozializatu eta babes zabal bat jasotzeko mugak ere argiak dira (indibidualismoak indarrean jarraitzen du). Beraz, pausoak ematen jarraitzea ezinbestekoa da.

Zentzu horretan,Tolosaldeako autodefentsa laboraleko sarea aurkeztuko dugu:

Batetik, langileon arteko elkartasuna antolatuz lan munduko borrokak hauspotu eta babesik gabe aurkitzen diren beste askorentzako tresna izateko apustua egiten dugu.

Bestetik, gure arteko banaketa gainditzearekin langileon botere kolektiboa sortzen joango garela ulertzen dugu, gure interesak ezarri ahal izateko boterea. Horregatik soldatapeko laneko esplotazioari aurre egiteaz gain gizarteko esparru guztien jabe egiteko prozesu soziala elikatzeko ardura ere hartzen dugu, hala nola, etxebizitzaren, hezkuntzaren, kulturaren, problematika ezberdinen eta bestelako auzien gaineko langileon boterea hauspotzen.

Gonbidapena luzatzen diogu interesa edo beharra duen orori abenduaren 20an (19:00), Tolosako Kultur Etxean egingo dugun aurkezpenera azaltzeko. Informazioa gehiago edo modu sakonagoan jasotzeko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!