Jaka eta Artola, lehen postuetan galdu arren

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 16a, 19:58

Binakako pilota txapelketaren laugarren jardunaldia jokatu da asteburuan. Altuna III.ak bere bigarren partida irabazi du.

Binakako Txapelketaren jardunaldi berri bat jokatu da asteburuan, laugarrena, eta Jaka eta Artola lehen bi postuetan mantentzen dira euren partidak galdu arren. Bere aldetik, Altuna III.ak bigarren partida irabazi du jarraian eta bosgarren postuan kokatu da.

Jaka lizartzarrak, Zabaletarekin batera, lehen partida galdu du txapelketan. Hori bai, markagailu estuenarekin, Laso eta Albisuren aurka 21-22 galdu baitzuten. Altuna III.a amezketarrak eta Galartzak 14-22 irabazi zuten Olaizola II.a eta Aretxabaletaren aurka.

Artolak eta Imazek Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu dute gaur euren neurketa, Irribarria eta Rezustaren aurka (argazki galeria albiste honetan). Partida borrokatua izan da, eta alegiarra eta Imaz aurretik izan dira zenbait unetan, baina partidaren azken txanpan hobeto aritu dira aurkariak eta 22-16 irabazi dute.

Hurrengo jardunaldia, bosgarrena, ostiralean hasi eta asteazkenean amaituko da. Hilaren 20an, Irunen, Erik Jaka lizartzarrak jokatuko du; Zabaleta lagun duela, aurkariak Olaizola II-Urrutikoetxea izango ditu. Iñaki Artola alegiarrak eta Ander Imazek igandean jokatuko dute Arrasaten, Ezkurdia-Martijaren aurka. Hilaren 25ean, azkenik, Eibarren, Jokin Altuna amezketarra eta Ladis Galartza izango dira, Laso-Albisuren aurka.

SAILKAPENA

1. Jaka-Zabaleta                              3-1
2. Artola-Imaz                                 3-1
3. Ezkurdia-Martija                       2-2
4. Laso-Albisu                                 2-2
5. Altuna III-Galartza                    2-2
6. Irribarria-Rezusta                      2-2
7. Olaizola II-Urrutikoetxea         1-3
8. Bengoetxea VI-Aretxabaleta   1-3


PROMOZIO MAILAKOA

Laugarren jardunaldia jokatu zen asteburuan ere, osorik, promozio mailakoan. Eskualdeko ordezkari bakarra Beñat Urretabizkaia ikaztegietarra izan zen. Arteagarekin jokatu zuen eta 22-16 galdu zuten, Elordi-Etxebarriaren aurka. Hurrengo jardunaldian Irunen jokatuko dute, ostiralean, Zabala-Ruizen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!