EPEko pilotariak "torneo esanguratsuetan oso errendimendu onarekin"

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 13a, 18:21

Emakume Pilotarien Elkarteko kideak, besteak beste, Emakume Master Cup txapelketako finaletan izango dira, igandean, Barakaldon, eta Andrazkoen Larruzko Paletako II. Bizkaia Torneoan parte hartuko dute ere. Partida horietan eskualdeko pilotariak izango dira.

2019-20 denboraldi hasiera honetan, emakumezko pilotariak gizonezkoen antzera beraien probintzietako txapelketak jokatzen ari dira; hala nola elkarteen arteko Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko edota Nafarroako txapelketak, paletaz zein eskuz (egiten den probintzian). Txapelketa guzti hauetan EPEko pilotarien presentzia nabaria izaten ari da eta azken faseetara asko iritsi dira, elkartetik bertatik azaldu dutenez. Lehiaketa horiez gain, beste torneo pribatu batzuk ere antolatzen dira emakumezkoentzat, bai eskuz eta bai palaz. Hauen artean esanguratsuenak direnetan EPEko pilotarien "joko maila ona aipagarria izaten ari da".

Pasa den astelehenean aurkeztu zen Andrazkoen Larruzko Paletako II. Bizkaia Torneoa Bilbon. Guztira, maila altuenetakoa duten 8 pilotarik parte hartuko dute, lau bikotez osaturiko multzo bakar batean. Joaneko ligaxka baten ondoren, lehenengo bi sailkatuak finala jokatuko dute. 8 pilotari horiek EPEko kideak dira eta EAEko probintzietakoak, tartean, Anne Maiza zizurkildarra eta Maider Mendizabal anoetarra.

Paleta larruz jokatzea ez da oso ohikoa emakumezkoetan baina Arabako neska federatuei ematen diete jokamolde honetan mutilekin aritzeko aukera. Bizkaian berriz saioren bat egin izan dute batzuk eta Gipuzkoan berriz zuzenean gomazko paletarekin ondoen aritzen diren pilotariak hartu dira eta jokamolde hau praktikatzen hasi dira. "Ondorioz, neskak larruzko paletan oraindik beraien mailarik onenera iritsi ez diren arren, dagoeneko oso ondo moldatzen ari dira eta Bizkaia Torneoan ikuskizun polita ematea espero da", azaldu dute elkartetik. EPEko pilotari hauen nahia hauxe da, "jokamolde berrira ahalik eta ondoen moldatu eta ikuskizun polit zein ezberdina emanez partida onak egitea". Torneoa gaur, abenduaren 20 eta 27 eta urtarrilaren 4an jokatuko da. Lehenengo jardunaldia Larrabetzun eta beste guztiak Bizkaia frontoian. Finala ETB-k eskainiko du zuzenean.

Eta bestetik, "egun ikusgarritasun eta garrantzia mediatiko gehien duen" Master Cup txapelketaren inguruan ere hitz egin dute elkartetik: "Aurtengoan lau maila ezberdindu dira eta igande honetan bi maila nagusienetako finalak jokatuko dira Barakaldon,  12:00etan hasita, eta ETB1-ean zuzenean emango dena. Emakume Pilotarien Elkartetik oso oso pozik gaude bi finaletako protagonistak elkarteko kideak direlako. Honek argi uzten du besteak beste zein mailatako pilotariak ditugun gure elkartearen barnean".

Alde batetik, toke erdiko finalean elkarte berdinekoak (Anoetako Su-Berri elkartea) diren bi pilotari arituko da nor baino nor: Miren Larrarte bidaniarra eta Miriam Arrillaga. "Lehen mailako final handian partida handia ikusteko aukera izango da, izan ere oso oso maila oneko bi pilotari arituko baitira elkarren aurka", azaldu dute EPEtik. "Bata zein bestea lau eta erdiko txapeldunak izan dira aurreko edizioetan. Leire Etxanizek 2017koa irabazi zuen eta Patri Espinarrek berriz 2018koa. Leire eta Patri gaur egun eskuz jokatzen duten pilotarien artetik onenak direla esango genuke. Nahiz eta bi hauek txapelketa pilota goxoarekin jokatu duten, toke erdikoarekin jokatzeko ez lukete arazo handiegirik izango. Eskuak egin, entrenatu eta ziur punta puntako pilotariak izango liratekeela toke erdiko pilotarekin ere".

Emakumezkoen eskuzko final handi honetan "ikuskizuna ziurtatua" dagoela  diote elkartetik: "Espero dugu ikusleek disfrutatzea, pilotariek euren maila ematea eta emakumezkoen pilotak gizarte honetan lekutxo bat baduela erakustea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!