Hamar minutu

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Peñagarikano 2019ko abe. 15a, 05:58

"Ez daukat denborarik". "Ezin dut, lanpetuta nago". "Keba, toperanabil...".

Gisa horietakoak gehiegitan entzuten ditut azkenaldian. Askotan aitzakiarako balioko duen arren, nago ez ote den nahiaren ezina. Matematikak egiten hasita, aski soberan dakigu egunak 24 ordu dituela, eta beraz, nahi izanez gero, astia izan dezakegula egin beharreko horiek egiteko, betebeharrez ala gustuz izan. Nahi izanez gero.

Nahi izatea bezain garrantzitsua da lehentasunen kontua. Zeri ematen diogun lehentasuna, harexek ezberdintzen gaitu. Ez da beti horrela izango, baina nahi baino gehiagok lehenetsiko du arrakasta eta bermea emango dion hura. Bizitza ohian basatia delako, biziraupenera behartzen gaituena eta astakeriak egitera kondenatu, geure buruaz ahazteraino.

Begi bistakoa da ezin dugula atzera egin, guk sortutakoaren ondorio gara, eta horrekin bizitzen ikasi behar, ez dugu beste erremediorik. Baina egunerokoak jan ez gaitzan, agian zer edo zer egin genezake. Pentsa, aldizkari bateko titularrak zioen egunean hamar minutu nahikoa direla zoriontsu izateko. Esajeraziora jotzen du baieztapenak, jakina, baina uste dut guztiok uler dezakegula horren atzean ezkutatzen den mezua: har ezazu zuretzako tartetxo bat, lagun, bestela akabatuta zaude.

Badakit hamar minutuk ez didatela zoriontasuna bermatuko. Hala ere, soluzio ezin hobea iruditzen zait eguneroko kargak arintzeko. Eta bai, jarraituko dugu dena egin nahi horretan, ordutegiak moldatzeko ahaleginetan agenda eskuan hartuta, egunerokoari zuku gehiago ateratzeko peskizan. Baina gogora dezagun norberarentzat tartetxo bat hartzea zilegi dela, eta guztiz egingarria, gainera. Nahi izanez gero.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!