Oparitarako bilduta, mesedez

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Iguaran 2019ko abe. 14a, 05:58

Magali poz-pozik zegoen, bere kaligrafia dardarati estreinatu berriarekin. Aurten, lehen aldiz, Maridomingiri gutuna bere eskuz idatzi ahalko zion.

Mimoz hautatu zuen kartulina ikasgelan eta pinotxo paperezko elur malutekin apaindu zuen. Une berezietarako gordetzen zen purpurinadun errotulagailuaz margotu zuen izar bat, sei edo zazpi puntakoa. Mihia aterata aritu zen denbora luzez gutun hura prestatzen. Hitzak ere ondo ikasita zituen, nola idazten ziren oso argi eduki ez arren:

Eta muxu bat utzi zuen amaieran margotuta.

Bere denboratxoa eskaini zion, gurasoentzat denbora eskatzeari. Hori baitzen jolasteko behar zuena. Edo hori baitzen behintzat, jolastu nahi zuen aldiro falta zena. Ipuinak gustatzen zitzaizkion, puzzleak, baloiak, pilotak, eskulanetarako margo eta tresnak… eta bazituen. Jolasteko gustatzen zitzaizkion gauzak bazituen. Urtero ekartzen zioten Olentzaro eta Mari Domingik ipuin berriren bat. Aitona-amonen etxera puzzleren bat edo panpinen bat; iaz, sekulako margo akriliko mordoa ekarri zion, esku osoa pinturan murgilduta aritzeko horietakoa. Eguberri goizean bertan estreinatu zituen, bazkal garaian osatu zuen puzzlea (20 piezakoa!) amonaren magalean eta gauean aitatxok ipuin berria irakurri zion oherakoan. Baina oporrak bukatu bezain pronto tiraderan geratu ziren opariak.

Umeek berritan erabili eta gero baztertuta uzten dituztela diote helduek, baina ez da egia. Otsailean aitari ipuina irakurtzeko eskatu nahi zion baina berandu zetorren bilera batetik. Martxoan margotu nahi zuela eskatzen bazuen, «Orain ez daukat denborarik» erantzuten zioten, «Orain afaria jarri behar dugu eta ezin dugu mahaia margoz bete»; eta apirilean puzzlea osatzeko laguntza eskatzen bazuen pieza bat hartu eta zapla kokatzen zioten arropak zabaldu bitartean, begiratu gabe, nola zekiten azaldu gabe.

Nahi zituen jostailu guztiak zituen, erabiltzeko aukera falta zuen. Sakon pentsatu zuen eta aurten gauza bakarra eskatzea erabaki zuen; eta ez beretzat, gurasoentzat baizik: DENBORA.

Eta gurasoek gutuna hartu zuten, eta orduak pasa zituzten alabak eskatzen zuen gauza bakar hori zein zen asmatu nahian. Baloratu zuten Dora den esploratzailea idazten saiatu ote zen, Den-bora Irrien Lagunek ateratako joko edo emanaldiren bat ote zen… ez zetorren katalogoetan. Denbora asko galdu zuten denbora laxo berrdean nola bildu asmatu nahian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!