"Nire xaboi naturalekin arropa garbitzeko xaboia egiten dut"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko abe. 13a, 19:59

Altzon garbigailurako eta ontzi garbigailurako xaboi naturala egiten ikasteko tailerra emango du, astelehenean.

Amaia Garmendia orendaindarrak xaboi naturalak egiten irakatsiko die altzotarrei. Astelehenean, 19:00etan Elordi elkartean izango da tailerra, eta kristalezko ontzi bat eraman beharko dute xaboia etxera eramateko. Gorputzerako, ilerako, arroparako eta ontziak garbitzeko xaboiak egiten ditu.

Nolatan hasi zinen xaboi naturalak egiten?

Betidanik izan dut azaleko arazoa, eta egun batean pentsatu nuen ea zergatik ez nituen neure buruarentzako xaboi naturalak egiten. Zortea izan nuen eta emakume batek erakutsi zidan xaboi naturalak eta kremak egiten. Ikastaroa egin nuen eta hortik hasi nintzen, pixkana, belarrak erabiliz.

Beraz, azaleko arazo bati tiraka hasi zinen?

Bai, hori da. Orain dela sei bat urte egin nuen tailerra eta hortik hasi zen dena, pixkanaka.

Altzon tailerra emango duzu orain.

Bai, eskatu egin didate tailerra emateko, eta lehenengo aldia izango da. Nik bai hartu ditut tailer ezberdinak, baina orain niri tokatuko zait tailerra ematea. Esperientzia berri bat izango da.

Garbigailurako eta ontzi-garbigailurako xaboi naturala egiteko tailerra emango duzu.

Bai. Gorputzerako xaboia egiteko prozesua luzeagoa da. Jendeari erakusteko uste dut errazagoa dela garbigailurako eta ontzi-garbigailurako xaboi naturala erakustea, eta ia egunero erabiltzen ditugun xaboiak dira. Interesgarria izango zela iruditu zitzaidan, eta hori proposatu nien. Interesgarria iruditu zitzaien, eta horrela noa.

Ohikoa da garbigailurako eta ontzi garbigailurako xaboi naturalak erabiltzea?

Ez dakit ohikoa den edo ez. Baina nik garbi izan nuen. Gorputzerako nire xaboi eta krema naturalak egiten ditut, eta nire arropak kimikoak dituzten produktuekin garbitzen jarraituko dut? Nire xaboi naturalekin nire arropa garbitzeko xaboia egiten hasi nintzen pixkanaka, eta ontzi garbigailurako ere berdin.

Emaitza onak ematen dituzte?

Bai. Niretzako bai. Arropa oso-oso ondo garbitzen du, eta ontziak ere bai.

Zein xaboi mota egiten dituzu?

Ezberdinak egiten ditut. Gorputzerako aloe, kalendula, izpilikua edo labanda,... ezberdinak dira. Arropa garbitzeko ezberdina da. Arropa garbitzeko xaboi natural bat erabiltzen dut, eta horri bikarbonatoa eta ozpina gehitzen zaizkio, baina betiere naturalak.

Zein osagai behar dira?

Oinarri moduan oliba olioa erabiltzen dut. Gurina gehitzen diot, koko, almendra,... ezberdinak izan daitezke, baina nik beti landareetatik eratorritako gurina erabiltzen dut. Animalienak erabiltzen dituztenak badira, baina nik beti landareenak erabiltzen ditut. Eta argizaria ere erabiltzen dut.

Kolore eta usain ezberdinetako xaboiak ikusi ohi ditugu. Hori oinarria litzateke eta horri gehitzen zaizkio beste osagaiak?

Bai, hori da. Kolorea emateko osagai naturalak badaude kosmetika aldetik erabiltzen direnak. Eta gero esentziak egongo lirateke. Esaterako, olio esentziak, landareetatik ateratzen direnak. Eta zuk zein erabiltzen dituzu?

Orain ez ditut, baina azaleko arazoak nituenean, kalendularenak on egiten zidan eta asko erabiltzen nuen. Orduan, etxean egiten nituen oleatoak. Oleatoa da, olioa hartzen duzu ontzi batean, eta hor sartzen duzu kalendula edo erromeroa, edo nahi duzuna. 40 egunez edukitzen duzu, eta gero, olio hori erabiltzen dut xaboi horiek egiteko. Etxean ditudan landareak erabiltzen ditut, aloe, kalendula, erromeroa,... baratzetik hartzen ditut, eta baratzetik hartzen ditudan osagaiekin aritzen naiz. Usain aldetik, berriz, horiek bai, erosi egiten ditut. Olio esentzialak egitea ez da hain erraza, bere zailtasunak ditu eta prozesua luzeagoa da.

Baratzea zure xaboiak egiteko osagaietara egokitu duzu?

Bueno, baita ere; betidanik izan ditut horrelako osagaiak. Baina bai, eta irakurtzen eta ikasten joan naiz, eta esperimentatzen eta probatzen aritu naiz. Eta horiekin oleatoak egiten ditut.

Hori gorputzerako izango litzateke. Eta garbigailurako eta ontzi-garbigailurako zer behar da?

Oinarri moduan nik egiten dudan xaboi naturala erabiltzen dut; oliba olioarekin egina. Beti esaten den moduan amonaren betiko pastilla edo xaboia, hori da oinarri, eta gero bikarbonatoa eta ozpina erabiltzen ditut.

Hiru osagai horiekin egina dago?

Bai. Eta bakarrik xaboi naturala ere erabili dezakezu. Txikitu edo birrindu xaboia uretan, desegin eta horrekin bakarrik ere egin dezakezu. Hobea ateratzeko bikarbonatoa gehitzen badiozu, sendoagoa ateratzen da, gel moduan.

Zein xaboi mota ateratzen da?

Nik gel modukoa egiten dut. Xaboi naturala birrindu, eta hauts moduan ere erabili daiteke. Nire gusturako ordea, gel moduan nahiago dut.

Ontzi garbigailurakoa bera da?

Horretarako bikarbonatoa eta azido zitrikoa erabiltzen dut. Horiek ere naturalak dira, eta ozpina. Masa moduko bat egiten duzu, eta ezagutzen ditugun pastilla horien modukoak egiten ditut.

Xaboiak prozesu bat beharko du, ezta? Segituan erabili daitezke?

Ez. Esaterako olio eta gurinekin egiten duzun xaboiak, berrogei eguneko lehorraldi bat behar du. Sosa hori eta bere PH-a jaisteko, bestela, ezin duzu erabili gorputzean. Adibidez, garbigailurako egiten baduzu, dagoeneko badut xaboi natural hori, beraz, prozesua motzagoa da. Egunean bertan edo bi egunetara erabili dezakezu. Nik egonaldia ematen diot eta pare bategunera erabiltzen dut. Ontzi garbigailurakoa ere antzeko. Pixka bat lehortzen utzi eta erabili dezakezu.

Erraza da etxean egitea?

Bai. Gogo pixka bat jartzen baduzu erraza da. Ez da denbora asko behar; ordubete bat hartzea da. Nik egiten dudan xaboiak bi hilabeterako irauten dit. Kostua txikia da, kutsatu ere askoz gutxiago egiten duzu, errekak ez dituzu kutsatzen, ontziak ez dituzu erabiltzen, eta hondakin gutxiago sortzen duzu. Nire etxean beti ikusten nuen, xanpuarekin ontzi bat, gelarekin beste bat,... eta azkenean plastiko pila bat pilatzen da. Eta horri begira, plastiko pila bat kendu dut.

Arratsalde batean bi hilabeterako materiala egiten duzu?

Bai, eta ez duzu arratsalde oso bat behar! Pixka bat utzi, eta nahastu tarteka, baina bitartean beste gauza batzuk egin ditzakezu. Ordu pare batean egina daukazu.

Froga asko egin behar izan dituzu gustuko xaboiak lortu bitarte?

Ez, ez. Egin behar izan ditut froga batzuk. Lehenengoan ez zitzaidan hainbeste gustatu nolakoa atera zitzaidan, baina osagaiak aldatuz probatzen aritu nintzen eta azkenean nire gustukoa atera arte. Baina ez da horren zaila ere izan. Orain gustatzen zaidan formula bat badut, eta hori egiten dut. Baina behin lortutakoan uste dut merezi duela.

Zure gorputz eta ilerako xaboia egiten duzu. Osasunerako mesede egingo du, ezta?

Bai, noski. Kimikoekin eginiko xaboiei lehen gauza kentzen dietena glizerina da, eta gure xaboiek glizerina izan behar dute gure gorputza hidratatzeko; bestela lehortu egiten da azala. Etxeko xaboiak glizerina pila bat du. Jendeak garrantzi handia ematen dio itxurari eta usainari, eta markari. Markak izen ona badu... baina, markari baino gehiago begiratu beharko genieke zein propietate dituzten xaboiek. Nik horri ematen diot garrantzia, eta beharrezkoa da gure gorputza eta ilea zaintzeko. Kostu aldetik ere erosten ditugunak baino askoz ere merkeago ateratzen dira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!