Gipuzkoako Foru Aldundiko aterpean bildu ziren Gipuzkoako zahar etxeetako ELA sindikatuko hainbat langile atzo goizean, iragartzeko greban jarraituko dutela «beste erremediorik ez dutelako». Dagoeneko 149 greba egun egin dituzte, eta, gaurtik urtarrilaren 10era bitartekoak gehituz gero, 179 izango dira. Gatazka konpontzeari dagokionez, diputazioaren «interes falta» salatu dute: «Gero eta argiago dugu ez zaizkiela interesatzen ez emakume langileak, ez senideak, ezta erabiltzaileak ere». Aldundiko ordezkariak ez ziren agertu atzo ELAk deitutako bilerara, eta «ezkutatzeko ezer ez badute aurpegia emateko» eskatu diete sindikalistek.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan zen atzo. Mugimenduak egiteko prest dagoela adierazi zuen, eta negoziazio mahaian eseri eta negoziatzeko eskatu zien sindikatu eta patronalei. Azaldu zuenez, ordea, «diputazioaren lehentasuna zahar etxeetan bizi direnen ongizatea da», eta horregatik eskatu dio Eusko Jaurlaritzari greba egunetako gutxiengo zerbitzuak %80ra igotzeko; aurrez ere %50etik %70era igo zituen, eta ELAk helegitea jarri zion erabakiari. Langileen eskari guztiak onartzeko asmorik ez duela ere gehitu zuen diputatu nagusiak: «Mugitzeko prest gaude, baina epe luzera ere begiratu behar da; eskariak onartuz gero, arazoa konponduko genuke epe laburrean, baina luzera ito egingo litzateke sistema».
ELA, sektoreko sindikatu nagusia —langileen %60 ordezkatzen ditu—, joan den urteko urrian altxatu zen Olanok aipatutako negoziazio mahaitik. Txomin Lasa ELAko kideak atzo beste behin ere gogorarazi zuen gutxieneko bi baldintza ezarri zituztela bertan esertzeko: 2017. eta 2018. urteei dagozkien soldatak igotzea, eta sinatutako akordioa enpresa bakoitzak zigilatzea. Gainera, aldundiari egotzi zion sinetsarazi nahi izatea ELA mahaian esertzen ez delako dagoela gatazka.