Hirutik hiru

Ataria 2019ko abenduaren 9a

Jakak, Artolak eta Altuna III.ak asteburuko euren partidak irabazi dituzte. Hurrengo jardunaldiaren barruan Tolosako Beotibarren partida jokatuko da, astelehenean.

Binakako txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Eskualdeko hiru ordezkariak garaile izan ziren. Jaka eta Artola sailkapen nagusiaren lehen postuan daude, hiru garaipen eta galdutako partidarik gabe. Altuna III.ak txapelketako lehen puntua lortu zuen igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan. 

Ezkurdia-Martija 20/Jaka-Zabaleta 22

Jardunaldiko partidarik politena jokatu zuten Labriten Aspeko lau pilotariek. Aurrelarien artean hutsegite dezente izan baziren ere, asko arriskatu zuten Ezkurdiak eta Jakak, tanto ederrak utziz. Atzelariak sendo aritu ziren. Martija seguru agertu zen, baina Zabaletak, momentuz, txapelketako atzelari onena dela erakutsi zuen. Laugarren jardunaldian, Eibarko Astelenan, Laso-Albisuren aurka jokatuko dute, igandean. 

Bengoetxea-Mariezkurrena 14/Artola-Imaz 22

Baikoko azken bikote izan behar zutenek, enpresako hiru bikoteren aurka hiru garaipen lortu dituzte. Azkena, joan den ostiralean Tolosako Beotibarren. Sailkapen nagusian lehen postuan daude Jaka-Zabaletarekin berdinduta. Hurrengo partida, berriro Beotibarren jokatuko dute, astelehenean, Irribarria-Rezustaren aurka.

Irribarria-Rezusta 17/Altuna III-Galartza 22

Jokin Altunak horrela jolasten duenean aurkariek jai izaten dute. Ohi bezain artista eta buruz besteak baino azkarragoa. Hasierako tantoak albo batera utzita, partidaren zati gehienean Ladis Galartzaren laguntza izan zuen. Hurrengo jardunaldian Labriten jokatuko dute, Olaizola II eta Aretxabaletaren aurka. Urrutikoetxearen lesioagatik jokatuko du Markinako atzelariak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!