Ostegunean Gasteizera joateko deialdia egin dute pentsiodunek

Ataria 2019ko abenduaren 9a

1080 euroko gutxieneko pentsioaren aldeko ekimenak hainbat deialdi zabaldu ditu ondorengo egunetarako. Hilaren 12an Gasteizko parlamentura joango dira; 16an, aldiz, Nafarroako gobernuaren aurrean egingo dute mobilizazioa. 

Gaur, 12:00etan, Tolosan elkarretaratzea egin dute eskualdeko pentsiodunek. Bertan, gutxieneko pentsioa 1080 eurotan kokatzeko nahikoa baliabide badaudela esan dute: "Estatuko gobernuak bermatu arte gutxieneko pentsioaren 1080 euroak, Euskal Autonomia Erkidegoan, aurrekontua 11.700 milioi eurokoa da; 52 milioirekin eta DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren bidez 1080 euroko gutxieneko pentsioa osatzea posible da".

Pentsiodunen ustez, edozein gobernuren "betebeharra" da "pertsonek bizitza duin baten baldintzak izateko, aberastasunaren banaketa zuzen baten baldintzak sortzea". Horren aurrean ondorengo galdera luzatu dute: "Posible al da pertsona batek eskubide horretaz gozatzea mila euro baino gutxiagorekin?".

Pentsiodunen aldarriak kalean 23 hilabete bete ditu. Aurrera jarraituko dutela esan dute, eta "gure etsipena besterik nahi ez duten diskurtso faltsuak" ez dituztela onartuko azaldu dute. Jokoan, pentsiodunen etorkizuna bakarrik ez dagoela gogoratu dute, "gizartearen gehiengoarena", baizik. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu dituzte Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan egingo diren mobilizazioetara. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!